Bizkaia Talent

Albisteak

Bostongo CIC Cambridge Azeleratzailearekin duen hitzarmena berritu du Bizkaiko Foru Aldundiarekin

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Cambridge Innovation Centerren arteko hitzarmenari esker, Bizkaiko startupek Estatu Batuetako ekialdeko kostarako sarbidea izaten jarraituko dute, berritu egin baitute, 2017ari begira, gure lurraldeko enpresen azelerazioa sustatzeko hitzarmen hori.

Doing Business in Biscay programaren barruan sartzen da Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren eta CICen arteko hitzarmena, eta aukera eman die Bizkaiko 4 startupi programa trinko batean parte hartzeko. Wimi5, Ocean Data Tracker, Quarizmi eta Innoprot dira enpresok, eta oso arlo desberdinetan jarduten dute: marketina, bioteknologia eta bideo-jokoen garapena. Irailean hasi zuten azelerazio-prozesua laurek, Bostonen.

CICen eta Bizkaiaren arteko lankidetza Bizkaiko Foru Aldundiak ekonomia suspertzeko ezarri dituen ildo estrategikoen barruan kokatzen da, zeinen bitartez garapen-ekimenak eta -aukerak ezarri nahi baitira nazioartean Bizkaiko enpresentzat. Ildo horretan, azpimarratzekoa da Boston inguruko ekosistemarekin duen harremanari esker hiri hori atea izan daitekeela Bizkaiko ekintzaileak Estatu Batuetara sartzeko.

CIC Cambridge

CIC erakunde pribatu bat da, egoitza Bostonen duena (AEB) eta, enpresak azeleratuz, garapen ekonomikoa sustatzeko konpromisoa duena. Horretarako, askotariko zerbitzu eta programak eskaintzen ditu enpresen ezagutzak eta gaitasunak indartzeari begira: konbinatzen ditu, batetik, «mentoring»ean eta pertsona ekintzaileentzat erabilgarritasun-sareak sortzen eskarmentua duen talde bat, eta, bestetik, «start-up»en munduko komunitate handiena, berrikuntzaren arloko munduko kluster handiena ere badena.

Bizkaiko «start-up»en aholkulari eta laguntzaile arituko den taldeak ezagutza zabala du industriaren arloan eta esperientzia du «mentoring», «coaching», «networking»ean zein gure enpresek bertan egingo duten egonaldian zehar haiei laguntzeko behar-beharrezkoak diren beste zenbait ezagutzatan. Taldeko kideek gutxienez hogei urteko esperientzia dute Boston/Cambridge eremuan, eta kontaktu asko dituzte gakoak diren sektoreetan, bai eta arrisku-kapitalean eta inbertitzaile estrategikoen artean ere. Gainera, industriako adituen laguntza izango du taldeak, eta, horrela, Bizkaiko Lurralde Historikoko enpresek dituzten beharrizan zehatzetarako kontaktu osagarriak eskainiko zaizkie Bizkaiko enpresei.

Esan behar da Cambridgeko Berrikuntza Zentroa munduko «start-up» kluster handiena da, 1.100 konpainia baino gehiago hartzen ditu eta. Zentroak oso antolaketa berezia du: erkidego baten eran dago antolatuta, elkarrekintza sustatzearren bai klusterreko egoiliarren artean, bai azken horien eta inguruko ekosistema berritzaile eta ekintzailearen artean ere. Zentroa Massachussetts-eko Institutu Teknologikoaren campusaren ondo-ondoan dago, Harvard Unibertsitatetik oso hurbil. Gainera, beren merkatuetan lider diren hainbat enpresa ditu inguruan —besteak beste, Microsoft, Google, IBM Watson, Pfizer eta Novartis—, eta horrek erraztu egiten du unibertsitatearen, ekintzaileen eta enpresen arteko elkarrekintza, beharrezkoa izateaz gainera komenigarria ere bada-eta elkarrekintza hori.

Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Unibertsitatea
×
×