Bilbo hiri adimendun gisa finkatu da 2025eko Smart City Index-en, eta Intelligent Community Forum-eko munduko lehen 21 hirien artean dago

- Bizkaiko hiriburua 29. postuan dago munduko 146 hiriren artean SCIen, eta IMDren nazioarteko rankingean Estatuko hiririk onena izaten jarraitzen du.
- Gainera, ICFk teknologia garapen ekonomiko, sozial eta kulturalerako erabiltzen duten 21 komunitate berritzaileenen artean kokatu du.
Bilbok, 2025ean, leku nabarmena izaten jarraitzen du International Institute for Management Development (IMD) erakundearen Smart City Index indizean. Euskal hiria 29. postuan dago mundu-mailako sailkapenean, eta Estatuko lehen postuan Madrilen (38), Zaragozaren (52) eta Bartzelonaren (92) aurretik.
Indize horrek, aurtengoa seigarren edizioa duenak, teknologiak eta hiriko azpiegiturak bertako biztanleen bizi-kalitatean nola eragiten duten aztertzen du, bost oinarri ebaluatuz: osasuna eta segurtasuna, mugikortasuna, jarduerak, aukerak eta gobernantza. Azterlana 146 hiritako bizilagunei egindako inkestetan oinarritzen da, eta datu horiek Subnational Human Development Index (SHDI) indizetik ateratako adierazleekin konbinatzen ditu.
Bilbori dagokionez, hauek izan dira hoberen baloratutako ezaugarriak: bertako mugikortasun-sistema, garraio publiko egokia duelako eta bai planifikaziorako bai online txartelen erosketarako tresna digitalak eskaintzen dituelako; berdeguneak eskura izatea; eta kultur eskaintzaz gozatzeko erraztasuna, ikuskizunetarako eta museoetarako sarreren online erosketari esker. Era berean, tokiko erakundeek eskaintzen dituzten birziklatze-zerbitzuek eta etengabeko prestakuntzarako aukerek balorazio positiboak jaso dituzte.
Bilbo, munduko 21 komunitate inteligenteenen artean
Gainera, Intelligent Community Forum (ICF) erakundeak, garapen ekonomiko, sozial eta kulturalerako teknologiaren erabileran aurreratuen dauden hiri eta eskualdeak aitortzen dituen nazioarteko erakundeak, Smart21 Communities of 2025 zerrendan sartu du Bilbo lehen aldiz. Hori dela eta, Bilbo finalerdira iritsi da ICFren sarietan, zeina urrian Intelligent Community of the Year 2025 hautatzen denean amaituko den.