Bizkaia Talent

Albisteak

Inbertsioa eta talentua erakartzea Bizkaiko Foru Aldundiak hurrengo lau urteetarako zehaztutako funtsezko ardatzetakoa izango da

Legealdi honetan, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Sailak Energy Intelligence Center jarriko du abian, hau da, “inbertsioak eta talentua” erakartzeko zerbitzu integrala, baita Crowdfundigeko plataforma publikoa ere. Horrez gain, 2017-2029ko Errepideen Arlokako Lurralde Plan berria ere onartuko du.

Ekimen horiek foru-sailak hurrengo lau urteetarako zehaztutako proiektu estrategikoen artean daude, eta, ostegunean, Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Saileko arduradunak, Imanol Pradalesek, azaldu zituen xehetasunez, berak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian.

Saila hiru arlotan dago egituratuta, eta “euren artean daude lotuta: Enpresen Sustapena eta Garapen Ekonomikoa, Kanpoko Sustapena eta Turismoa eta Azpiegiturak eta Lurralde Garapena. Horrela, “jarduera proaktiboa garatu ahal izango da ekonomiaren susperraldian eta kalitateko lanpostuen sustapenean”.

“Jarduera ekonomiko eta industrial berrien sorreran eta azpiegituretan inbertitu beharra dago, lurraldeko oreka eta lehiakortasuna hobetzeko. Hain zuzen ere, ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzeko tresna da inbertsio publikoa”, azaldu du Imanol Pradalesek.

Diputatuak legealdirako zehaztutako bederatzi proiektu ”estrategikoak” azaldu ditu bere agerraldian. Euren artean, ‘Doing business in Biscay’ proiektua dago, eta inbertsioa zein talentua erakartzeko zerbitzu integrala eskainiko du. Bestetik, Energy Intelligence Centre (EIC) ere badago, eta honako hauxe du helburu: ”aukeren bilaketan eta sektore energetikoko berrikuntzan aurrera egitea, sektore horrek aukera handiak dituelako etorkizunari begira eta erabakigarria delako Bizkaiko ekonomiarako”.

Era berean, Elkarlanean Programaren bidez, enpresen arteko lankidetza bultzatuko da, ETE-en hazkuntza suspertzeko eta haien lehiakortasuna areagotzeko. Horrez gain, Crowdfundingeko lehenengo plataforma publikoa ere jarriko da abian, Bizkaiko enpresei finantzabide berriak eskaintzeko.

Bestetik, ‘3i Programa’ ere izango da saileko proiektu estrategikoetakoa. Izan ere, nazioarteko ezarpenerako, berrikuntzarako eta inbertsiorako babes integratua eskainiko die ETE-ei. Halaber, ‘Be Basque Talent Network’ web plataforma ere badago haien artean, eta “talentua, enpresak eta lurraldea lotzea” dauka helburu.

bizkaia:talent-ek Be Basque Talent Network sustatu da, eta munduko talentuen sare handiena da. Euskadirekin lotunea daukaten edo eduki nahi duten profesionalek osatzen dute, eta 6.500 erabiltzaile baino gehiago lortu ditu bere lehen sei hilabeteetan.

Horrez gain, Bidesarean Plana ere jarriko da abian, Bizkaiko eskualde guztietako errepide-sarea hobetzeko, eta 2017-2029ko Errepideen Arlokako Lurralde Plan berria ere onartuko da. Plan hori egiteko, Pradalesek ponentzia berezia sortu du Batzar Nagusietan. Bestetik, bere esanetan, indarreko legealdian, ez da inbertsiorik egingo azpiegitura handietan, baina 100 milioi euroko kontu-saila zuzkituko da gaur egungo sarea hobetzeko.

Ekonomiaren eta Lurraldearen garapenerako proiektu estrategiko horien osagarri, Bilbao Bizkaia Be Basque nazioarteko proiekziorako estrategia ere jarriko da abian.

Hurrengo urteetan, sailak bost ardatz handi landuko ditu: kanpoko proiekzioa, ekintzailetza, industria eta lehiakortasuna, talentua eta lurraldeko oreka.

Diputatuak azaldu duenez, honako hauxe da helburua: “Bizkaia lurralde erakargarria eta Europako hegoaldean sartzeko plataforma estrategikoa izatea eta, horretarako, azpiegitura modernoen sare ahaltsua eta lurraldea bera sustatzea, kalitateko helmuga turistikoa izan dadin eta berrikuntzarako, sormenerako zein talenturako lekua izan dadin, bertako nortasun kulturalean eta ahalmen teknologiko industrial handian oinarrituta”.

Hartara, Bizkaiko kanpoko irudia suspertuko da, eta nazioarteko foro, azoka zein ekitaldietara eramango dugu. “Kanpoko unean uneko ekintzen” politika barik, “munduan etengabe egoteko” estrategia sustatu beharra dago. Horrela, bada, sare eta harreman “egonkor bezain iraunkorrak” sortu beharko dira “munduko aukera-zentro” nagusiekin eta nazioarteko erakunde interesgarriekin.

Horrez gain, “lotune iraunkorrak sortuko dira bikaintasunaren zentro globalekin”, eta euretako bat Bizkaian ezartzea izango da helburuetakoa. Aldi berean, “enpresen nahiz sustatzaileen inbertsio emankorrerako eskaintza integral bezain erakargarria sortuko da, eta, bertan, honako hauexek hartuko dira kontuan, besteak beste: azpiegitura industrialak, finantziazioa zein laguntza publikoak eskuratzeko aukera eta babes instituzionala”.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×