Bizkaia Talent

Albisteak

Euskadiko automobilgintzak bat egin du, multinazional handien aurrean dituen negozio-aukerak suspertzeko

Acicaek funtzio autonomoa duten modulu konplexuagoak sustatu nahi ditu, autoen lantegietan garatutako muntaketarako

Automobilgintzako osagaien euskal ekoizleak kalitateko jauzia ematear daude euren ekoizpen-prozesuetan, autoen marka handiei gehiago saltzeko asmoz. Euskadin, sektoreak azpimultzoen zein moduluen aldeko apustua egingo du, gero multinazionaletako lantegietan muntatuko diren zenbait pieza lotu daitezkeelako bloke horietan. Amaituta dagoen transmisio-ardatza merkaturatzea da asmoa, enpresek palierra, pinoiak eta ekoizpen-zentroetan egindako mekanismoko gainerako piezak aparte eskaini ez ditzaten.

Adibide hori ateetan, autoaren aurreko aldean edo aginte-panelean ere ezarri ahal izango da. Dinamika horren ondorioz, euskal konpainien arteko aliantzak indartu beharko dira maila guztietan, eta lantegi txikienak erakartzeko moduko sinergiak sortuko dira.

Euskal ekoizle handiek badute muskulurik, marketara zuzenean iristeko. Beste batzuk, ordea, produktuaren truke gutxiago ordaintzen duten bigarren eta hirugarren hornitzaileen bitartez sartzen dira kontratazioaren gurpilean. Eskailera-maila bat beherago, beste enpresa batzuk daude, eta multinazionalentzako piezak ekoizteko behar besteko gaitasuna daukate, baina ez dute haiengana iristerik.

“Sektore osoak aurrerapausoa eman behar du, eta enpresa txikienak ezin dira atzean geratu”, adierazi dute Acicaen, hau da, automobilgintzaren euskal klusterrean. Acicaek apustu horren “eraginari eta ahalmenei” buruzko txostena egin du bere enpresentzat, azpimultzoek eta moduluek Euskadiko automobilgintzan daukaten zeresana areagotzeko.

Asmo handiko apustua den arren, badago egiterik, euskal sektorearen integraltasuna “abantaila lehiakorra” delako, Acicaeren esanetan. Kluster Elkarteak egindako azterketan, 25 modulu edo multzo nagusi identifikatu dira, eta haietako 16tan antzeman da ekoizteko ahalmen handiagoa.

 

HAZTEKO AUKERA  

Era berean, antzemandako zenbait modulutan, ez dira osagai guztiak multzokatu behar, eta zenbait atal zehatz hornitu daitezke, Euskadin ekoizten ez direnak alde batera utzita. Euren artean aurretiaz mihiztatutako 3 edo 4 osagaik eratutako azpimultzo horien ondorioz ere, “bezeroari hornitutako produktuaren azken balioa handitu ahal izango da”.

Estrategiako lerro nagusiak azaltzean, José Esmorisek, Acicaeko presidenteak, adierazi duen bezala, Euskadik “behar besteko gaitasunak ditu, sinergiak sortzeko, moduluak edo azpimultzoak batera garatzeko, ekoizteko eta hornitzeko eta produktuen balioa handitzeko. Horrez gain, euskal enpresentzako aukera ere bada, enpresen dimentsioari begira”.

Hegoaldeko automobilgintzan, ziklo-aldaketa igarri da, eta krisia atzean uzten hasi dira. Bi handiek, Gasteizko Mercedesek eta Iruñako Volkswagenek, ekoizteko ahalmena berreskuratu dutenez, txanda berriak irekitzen eta langileak kontratatzen ari dira. Tamaina handiko beste sozietate batzuk ere ari dira inbertitzen; esate baterako, CIE Automotive edo Gestamp. Oro har, enpresa ertainak mugitzen ari direnez, eurekin arrastan eraman dituzte enpresa txikienak. Jardueraren zirkulua biraka ari da berriro, eta aliantzak sendotzeko aukera aparta da, nazioarteko merkatuak helburutzat hartuta. Autoetako piezen euskal ekoizleek euren ekoizpenaren %90 esportatzen dute. Estuarekiko menpetasuna txikia da, eta kanpoko salmenten %50 Europatik kanpo egiten dira.

Eskema komertzial horren bitartez, negozio-kopurua handia izango da Europako hiru merkatu nagusietan: Alemania, Espainia eta Frantzia (hurrenkera horretan). Era berean, gaur egun egia bihurtu diren merkatuetan gehiago hazteko abagune paregabea ere izango da, Txinan eta Indian, hain zuzen ere. Horrez gain, Amerika ere hartu beharra dago kontuan, eta garapen-bidean dauden merkatuetako posizioak indartu behar dira; esate baterako, Vietnam, Indonesia eta Malaysia. Horrela, bada, multinazionalen lantegien kokalekuetan egongo da euskal automobilgintza.

 

Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Unibertsitatea
×
×