Bizkaia Talent

Albisteak

Euskadik industria 4.0ren arloko startup onenak erakarri nahi dituenez, Eusko Jaurlaritzak BIND 4.0 erakunde erreferenteekin batera bultzatutako nazioarteko programa jarri du abian

Uztailaren 6an, asteazkena, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadin kokatutako zenbait erakunde nabarik Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan aurkeztu zuten BIND 4.0 siglapeko StartUP! Basque industry 4.0 ekimena.

Enpresa sortu berrien azkartzaile publiko-pribatua da, eta, bertan, autonomia-erkidegoko konpainia nagusi horiek elkarrekin lan egingo dute, mundu zabaleko enpresa-ekimen berritzaileak Euskadira erakarri ahal izateko. Startupek aholkularitza eta laguntza finantzarioa jasoko dituzte, baina, batez ere, munduan erreferenteak diren erakundeen konpromisoa: ABB, CAF, CIE Automotive, Danobat, Euskaltel, Iberdrola, ITP, Mercedes, Michelin, Microsoft, Repsol-Petronor eta Siemens. Izan ere, elkarrekin lan egingo dute, enpresa sortu berri horiek hazi, azkartu eta merkaturatu daitezen.

BIND 4.0 – StartUP! Basque Industry 4.0 Accelerator Program aurkezteko jardunaldian, honako hauexek parte hartu zuten: lehendakaria, Iñigo Urkullu; Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburua, Arantxa Tapia; eta Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendaria, Aitor Urzelai.

Topaketan bertan, BIND programa aurkeztu zen, baina, horrez gain, honako jarduera hauek ere egin ziren: Erakunde Arteko Planaren balantzea, “Industria 4.0, ekintzailetzarako aukera handia” mahai-ingurua eta Adigitaleko presidenteordea den Juanjo Azcáratek prospektibari buruz eskainitako hitzaldia.

Ekimen hori abian jartzean, Eusko Jaurlaritzak eta 12 enpresa laguntzaileek Euskadiko sustatzaileen ekosistema hobetu nahi dute, eta, aldi berean, Euskadi bera garapen industrial aurreratuko herrialdea eta nazioarteko talentua erakartzeko poloa izatea ere lortu nahi dute. Lan hori Euskadiko Enpresen Agentziak (SPRI) koordinatuko du, eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroek (BIC) zein foru-aldundiek ere parte hartuko dute bertan.

PREMIETARA EGOKITUTAKO PROIEKTUA

Horretarako, prestakuntzaren, tutoretzaren eta finantziazioaren arloko ohiko zerbitzuak ez ezik, BIND 4.0 programak euren proiektuak enpresa laguntzaileen premien arabera garatzeko aukera ere eskainiko die hautatutako enpresa sortu berriei. Hau da, enpresen eta startupen arteko harremana bezero-hornitzaile formatuan ezarriko denez, benetako fakturazioa izango dute bezero handi batekin, baita lehen mailako erreferentzia eta merkatu zein banaketa-kanal berrietarako sarbidea ere.

Bestetik, Euskadiko parke teknologikoen eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroen (BIC) eskutik, sustatzaileek lanerako inguruneak eta eremuak izango dituzte, euren proiektuak garatzeko eta prestakuntza, tutoretza zein laguntza ekonomikoak jasotzeko.

BIND 4.0 programan parte hartu eta hautatutako startupak hartzen dituzten enpresa laguntzaileek Euskadiko eta Euskaditik kanpoko talentua, irtenbideak eta teknologia arakatu, identifikatu eta erakarri ahal izango dituzte, euren lehiakortasuna hobetzeko eta laugarren iraultza industrialeko edo Industry 4.0ko abangoardian lekuratzeko.

Proiektuen hautaketarako prozesuan parte hartzeko epea BIND 4.0 programaren aurkezpen-egunean bertan jarri zen abian (uztailaren 6a). Urriaren 31n, hautatutako startupen zerrenda argitaratuko da, eta, enpresekiko lankidetzapean, euren proiektuak garatuko dituzte hurrengo 24 asteetan, azaroaren 14tik maiatzaren 12ra, hain zuzen ere. Programaren oinarriak uztailaren 6tik daude ikusgai honako web orri honetan: www.bind40.com

 

Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Unibertsitatea
×
×