Bizkaia Talent

Albisteak

Bizkaia:talent-ek Naturejobs Career Expo azokan parte hartu du, eta Londres inguruko euskal profesionalekin antolatu du topaketa

Bizkaia:talent-ek Naturejobs Career Expo azokaren bederatzigarren edizioan parte hartu du. Londreseko Business Design Centren egin da irailaren 18an, eta oso ondo prestatutako langileak kontratatzeko premiak dituzten Euskadiko erakundeetako ordezkari moduan joan da bertara.

Naturejobs Career Expo Erresuma Batuan enplegu zientifikoaren arloan egiten den azoka handiena da, eta honako esparru hauetako lizentziadunak, doktoregaiak eta doktoretza ostekoak dira hartzaileak: fisika, kimika, bizitzako zientziak, matematikak eta medikuntza; baita ikasketak aldatu nahi dituzten gazte unibertsitarioak ere. Europa zientziaren arloko lan-ibilbidea garatzeko leku moduan sustatzea du helburu, ikerkuntza industrialean, ikerketarako erakundeetan nahiz unibertsitatean. Ekitaldi hau, beraz, nazio-mailako eta nazioarteko erakunde publiko zein pribatu onenentzako aukera ezin hobeen topagunea izan da.

Bizkaia:talent-ek bere erakustokia eduki du bertan, eta, nazioarteko hitzordura joatean, gure lurralde historikorako arlo estrategikoetan oso ondo prestatutako profesionalak eta ikertzaileak aurkitzea eta erakartzea izan du helburu. Dena dela, Londres inguruan bizi diren euskal profesionalei eman die lehentasuna. Horrez gain, gure lurraldeak goi-prestakuntzako enpleguaren arloan eskaintzen dituen aukerak sustatzea eta jakitera ematea ere izan du xede.

Edizio honetan, zenbait euskal erakundetako ordezkaria izan da bizkaia:talent: CIC energiGUNE, CIC bioGUNE, Biobasque, Achucarro (Basque Center for Neuroscience), Bcam (Basque Center for Applied Mathematics), BC3 (Basque Center for Climate Change), BioCruces, Deustuko Unibertsitatea, AztiTecnalia, Polymat, IK4 eta Ulma Emebbedded Solutions, besteak beste. Bertan, hain zuzen ere, arlo zientifiko eta teknologikoko goi-prestakuntzako profesionalak erakartzea izan da helburua. Bizkaia:talent-eko erakustokian bertan, aurkeztutako hamabost lanpostu hutsen inguruko interesa zeukaten eta Euskadin lan egin eta bertako lotunea indartu nahi zuten 200etik gora ikertzaileren kezkak zein eskaerak atenditu dira.

Naturejobs Career Expo enplegu zientifikoaren azokaren azken edizioan, zenbait herrialdetako 50 erakusketarik parte hartu zuten: Alemania, Frantzia, Holanda, Eskandinavia, Suitza, Polonia, Erresuma Batua, Belgika, Italia, Qatar edo Singapur. Bestetik, 95 nazionalitatetako 1.200 lagun baino gehiago elkartu ziren bertan.

 

Topaketa euskal profesionalekin

Naturejobs Career Expo azokako partaidetza eta Erresuma Batuko egonaldia dela eta, bizkaia:talent-ek topaketa antolatu zuen Londres inguruan bizi diren euskal profesional prestatu-prestatuekin, eta hogeita hamar lagun-edo bertaratu ziren. Topaketa horretan, bizkaia:talent-eko zuzendari gerenteak, Ivan Jimenezek, 2020. urteko talentuaren premiak zein diren azaldu zuen, eta Be Basque Talent Network aurkeztu zuen, hau da, munduko talentuen sare handiena. Euskadirekin lotunea daukaten edo eduki nahi duten profesionalek osatzen dute, eta 6.500 erabiltzaile baino gehiago lortu ditu bere lehen sei hilabeteetan.

Topaketa horiek, hain zuzen ere, sareak sustatu nahi dituzte kanpoan lan egiten duten euskal herritarren artean, Euskadirekin harreman proaktibo bezain iraunkorra eduki dezaten.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×