Bizkaia Talent

Albisteak

Bizkaiko Aldundiak Gardentasunari buruzko Foru Arauaren proiektua onartu du

Bizkaiko Foru Aldundiak Gobernu Kontseiluan onartu du Gardentasunari buruzko Foru Arauaren aurreproiektua, honako hauxe kontuan hartzen duen gardentasunerako kudeaketa-eredua sortzeko: hiru urteko gardentasun-plana, urteko memoria eta erreklamazioetarako batzorde teknikoa.

Proiektu horren osagarri, Osotasunari, Interes Gatazken Prebentzioari eta Bateraezintasunei buruzko Foru Araua ere onartuko da etorkizunean, eta, biei esker, “aldundiko bi ardatz estrategikotan egingo da aurrera: gardentasuna eta gobernu ona”.

Gardentasunari buruzko Foru Arauaren proiektua 5 titulutan banatutako 41 artikulutan dago egituratuta. Bertan, I. tituluko xedapen orokorrak alde batera utzita, honako hauxe arautuko da: publizitate aktiboa, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea, gardentasunerako zein erreklamazioen ebazpenerako organo eskudunak eta gardentasunaren sustapena nahiz bermeak. Era berean, lankidetzapeko gardentasunaren ardatza ere jorratuko da, eta datu irekien ereduarekin zein herritarren partaidetzarako prozesuekin dauka zerikusia. Foru-arauaren proiektu horrek Bizkaiko Foru Aldundian bertan, organismo autonomiadunetan, fundazioetan, sozietateetan eta foru-sektore publikoko gainerako erakundeetan “gardentasuna egia bihurtzea eta bermatzea” dauka helburu.

Arauaren proiektuko arrazoien azalpenean adierazten den bezala, Bizkaiko bizilagunek ahalik eta informazio gehien izan behar dute aldundiak eta bertako foru-erakundeek garatutako jarduerari buruz, hau da, euren eginkizunak nola garatzen dituzten eta euren baliabideak nola erabiltzen dituzten.

Hona hemen helburu nagusia: herritarrek eskatutakoaren arabera, administrazioaren jarduketa “gehiago kontrolatzea eta kontuen berri ematea” eta “herritarrekiko elkarreragina zein entzunaldi aktiboa bultzatzea”.

ARAU AURRERATUA

Gardentasunari buruzko Foru Arauaren proiektua onartzean, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldea bera jarriko du estatu osoan arlo horretan dauden “abangoardistenen” artean, Bizkaiko Foru Arauak Gardentasunari, Informazio Publikorako Eskubideari eta Gobernu Onari buruzko 19/2013 Estatuko Legean zehaztutako gutxieneko eskakizunak gainditzen ditu-eta.

Publizitate aktiboari dagokionez, honako zazpi arloetako informazioa zabalduko da: instituzionala, juridiko arauzkoa, ekonomiko finantzarioa, kudeaketa publikokoa, politika sektorialetakoa, enplegu publikokoa eta informazio orokorra.

ERREKLAMAZIOEN BATZORDEA

Erreklamazioen arauketari dagokionez, gardentasunaren arloko erreklamazioen batzordea sortuko da, funtzionario tekniko juridikoak izango dira bertako kideak eta jarduketen inpartzialtasuna zein objektibotasuna bermatzea izango du helburu.

Azkenik, berritasun moduan, lengoaia administratiboa errazteko eta herritar guztiek ulertzeko eta eskuratzeko modukoa izateko, erraz irakurtzeko bertsioan ere argitaratuko da Gardentasunari buruzko Foru Araua.

 

LANKIDETZAPEKO GARDENTASUNA

Informazio publiko garrantzitsuaren zabalkunde proaktiboa sustatzen duen publizitate aktiboaren eta herritarrek informazio publikoa eskuratzeko daukaten eskubidearen ardatzetan ez ezik, honako hirugarren ardatz honetan ere egituratzen da Gardentasunari buruzko Foru Araua: lankidetzapeko gardentasuna.

Kontzeptu horren barruan, datu irekien eredua (open data), haien berrerabilpena eta gardentasunerako plataformak hartzen dira kontuan, herritarrek politika publikoen bultzadan, diseinuan edo ebaluazioan parte hartzeko prozesuak abian jarri ahal izateko.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×