Bizkaia Talent

Albisteak

Bizkaia Talentek Euskadiko errealitatea hurbildu du Düsseldorfera, inguruko goi-prestakuntzadun euskal profesionalekin egindako beste Be Basque Talent Meeting bati esker

Azaroaren 16an, osteguna, Düsseldorfeko hiri alemaniarra protagonista izan zen, azken Be Basque Talent Meeting topaketaren egoitza izan zen-eta. Bizkaia Talentek diseinatutako eta sustatutako topaketa horiek une honetan kanpoan lan egiten ari diren goi-prestakuntzadun euskal profesionalak elkartzea dauka helburu. Era berean, euskal profesional horiek guztiak Be Basque Talent Network profesionalen sare zabaleko kideak izatea ere bada helburua. Gaur egun, Euskadiko errealitate sozial eta ekonomikoarekin harremanetan dauden edo egon nahi duten goi-prestakuntzadun 9.000 profesionalek baino gehiagok osatzen dute sarea, baita 300etik gora euskal erakundek ere.

Ordubetean-edo, topaketan parte hartu zuten 25etik gora profesionalek Bizkaia Talenteko zuzendari gerentea den Ivan Jimenezen eskutik entzun ahal izan zuten Euskadiko gaur egungo egoera profesionalari buruzko laburpena, baita etorkizunerako aurreikuspenak ere, enpresek eta kluster-elkarteek emandako informazioak eta datuak kontuan hartuta.

Euskal enpresa-sarearentzat ezinbestekoak diren topaketak

Jimenezek azaldu duenez, “Euskadirentzat, oro har, oso garrantzitsua da euskal profesional horiekin harremanetarako zein lankidetzarako sareak indartzea, euskal enpresek gero eta gehiagotan eskatzen dituztelako oso profil akademiko zehatzak dituzten langileak, eta euretako batzuk kanpoan dabiltza lanean, nahiz eta proiektu garrantzitsuen garapenari begira funtsezkoak diren”.

Topaketan parte hartu zuten profesionalak zenbait jakintza-arlotakoak ziren; esate baterako, ekonomia, enpresa, zuzenbidea, ingeniaritzak eta teknologia berriak edo biozientziak, besteak beste. Gehienek bost urte baino gehiago daramatzate Düsseldorfeko metropolialdean lan egiten.

“Aurten, beste Be Basque Talent Meeting batzuk egin dira talentua erakartzeko leku estrategikoetan; Dublinen edo Zurichen, esaterako. Halaber, Be Basque Talent Conferenceren hamargarren edizioa ere egin berri da, eta 160 profesionalek zein hogeita hamar bat euskal erakundek parte hartu dute bertan”, esan du amaitzeko Bizkaia Talenteko zuzendari gerenteak.

Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Unibertsitatea
×
×