Bizkaia Talent

Albisteak

Euskal proiektu bi finalistak izan dira ekintzailetzari laguntzeko talentum startups bizkaia:talent-ek sustatzen duen programan

Euskal gazteen zuzendaritzapeko bi proiektu finalista hautatu dituzte ekintzailetzari laguntzeko Talentum Startups programaren esparruan, eta, Euskadin, Telefónicak, Mondragón Unibertsitateak eta bizkaia:talent-ek, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Sailak bultzatutako elkarteak, sustatzen dute programa hori.

Hautatutako proiektu biak Smart&Safe eta Pothole Avoider dira. Mikel Rodríguezek, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Telekomunikazioetako Ingeniaritzako ikasleak, Smart&Safe proiektua garatu du, eta laneko segurtasunerako aplikazioa da. Bertan, soinean eramateko jantzi adimendunen bitartez antzematen da ingurune arriskutsuetan lan egiten duten langileek ekipamendu egokia daramaten ala ez. Hautatutako bigarren proiektua, Pothole Avoider, Oscar Serradillak, Mondragón Unibertsitateko Informatikako Ingeniaritzako ikasleak, garatu du, eta bideko segurtasunarekin dago lotuta. Sistema igarleak gidariari ematen dio errepideko gorabeheren berri (bideko zuloak edo maldaren gainaldea), eta ahalik eta ibilbide onena proposatzen dio.

Talentum Startups programan aurreikusitakoaren arabera, hautatutako bi euskal proiektuak nazio-mailan lehiatuko dira beste sei ekimen finalista batzuekin. Martxoa amaitu baino lehen, behin betiko hautatuko dituzte finantza, prestakuntza eta teknologia arloko babesa jasoko duten hiru proiektu, euren ahalmena garatu ahal izateko.

Sustatzaileek –bizkaia:talent, Telefónica eta Mondragón Unibertsitatea– Talentum Startups programaren oinarrizko helburua partekatzen dute, hau da, ikasketa teknologikoak egiten dituzten gazte unibertsitarioen ideiak eta sormena sustatzea. Euskadin aukeratutako proiektu bakoitza hautaketa-prozesu zorrotzaren ostean hautatu eta 6.500 euroko inbertsioko goi-prestakuntzako beka jaso dute, bekadunarentzako zuzkidurak eta taldeen, tutoreen zein aholkularien finantziazioa kontuan hartuta.

Era berean, ekimenek Telefónicako aholkulari teknologiko bana izan dute, gehienetan zenbait arlotako aplikazio digitalak jorratzen dituzten proiektu guztiak garatu ahal izateko.

Ekintzailetzarako ekosistema

Hautatuek zenbait enpresa-arlotako laguntza-programa zabala daukate, unibertsitatean bertan sustatu nahi duten gazteen talentua bultzatzen duen ekosistema sortzeko. Talentum Startups programak zeresan handia izan du ekintzailetza sustatzeko orduan, 2012an sortu zenetik. Izan ere, 500.000tik gora gaztek parte hartu dute bost herrialdetan, eta Telefónicako ekintzailetzarako ekosistema den Open Futureren barruan dago kokatuta.

bizkaia:talent Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Sailak bultzatutako elkartea da, eta goi-prestakuntzadun profesionalak Bizkaia-Euskadira erakartzea, berton geratzea eta inplikatzea dauka helburu. Hori dela eta, arlo horretan daukan esperientzia eskaini du programan. Mondragón Unibertsitateak, ordea, programa finantzatzen lagundu du, eta Bilbon dituen lokalak utziko ditu programa aurkezteko eta garatzeko orduan. Telefónicak ere finantziazioaren zati bat hartu du ardurapean, eta programaren egitura eskaini du konpainiak ekintzailetzarako garatzen dituen jardueren esparruan.

Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Unibertsitatea
×
×