Bizkaia Talent

Albisteak

Mercedes Aja (IK4-TEKNIKER): “Maila baxua dugu pertsona-txandaketan; horrek argi erakusten du talentuari eusteko gure neurriak emaitza egokia ematen ari direla”

  • “Jendeak ez du aukeratuko leku berean lan egitea bizitza osoan; beste norabait joango dira, baldin eta gure eskaintza aproposa ez bada edo interesik ez badu haientzat”
  • “Gaitasuna badugu jendeari entzuteko eta pertsonak zerk mugiarazten dituen antzemateko, horixe izango da gakoa besteen beharrizanei arintasunez aurrea har diezaiegun”

IK4-TEKNIKER ibilbide luzeko (35 urte baino gehiago) zentro teknologikoa da, eta argi du bere xedea: bezeroen posizionamendua eta lehiakortasuna hobetzea, teknologia-transferentzia bidez.

Bizkaia Talentek talentua erakartzeko eta atxikitzeko haien politikak ezagutu nahi ditu, bai eta irabazi-asmorik gabeko fundazioak zein jardunbide egoki erabiltzen dituen ere. Horretarako, Eibarko instalazioetaraino joan, eta IK4-TEKNIKERreko pertsonen eta antolaketaren zuzendari Mercedes Ajarekin hitz egin dugu.

Gaur egun, zein proiektu-motatan dabil IK4-TEKNIKER?
IK4-TEKNIKERrek, une honetan, hainbat arlotako egitasmo askotan egiten du lan. Hiru esparru nabarmenduko nituzke: 4.0 industriarekin lotuak (makina adimendunak, robotika industriala, mantenze prediktiboa…); funtzio anitzeko azalerekin lotuak, non helburu espezifikodun estaldurak garatu eta mailakatzen diren (bakterioen aurkakoak, hidrofobikoak, zikinkeriaren kontrakoak…); eta, azkenik, fabrikazio aurreratuarekin zerikusirik duen guztia, hala fabrikazio-prozesuaren alderditik (fabrikazio gehigarria, esaterako) nola fabrikazio-bitartekoen aldetik. Berrikuntza horiek nork jasotzen dituen? Gure teknologiak nahiko horizontalak dira, baina nik sektore hauek aipatuko nituzke: makina-erreminta, aeronautika, automobilgintza, energia berriztagarriak eta osasungintza, besteak beste.

Zein zailtasun dituzue zuen erakundean beharrezko talentua erakartzeko?
Langileak biltzeko lanaren zati handi bat bideratzen da Gradu Amaierako Lanen (GAL) eta Master Amaierako Lanen (MAL) prozesuen bidez. IK4-TEKNIKERrek elkarlan sendoa du unibertsitateekin hogeita hamar bat ikaslek bertan egin ditzaten beren GAL edo MAL, eta horrek ahalbidetzen digu oso atzemate-prozesu eraginkorra izatea. Aitzitik, zailtasuna dugu emakumezko gehiago erakartzeko STEM mundura (mekanika, elektronika, automatika eta antzeko espezialitateak); halaber, ez da ohikoa, ezta erraza ere, emakumezkoak topatzea ikertzaile-bokazioa eta esperientzia industrial egiaztatua duten profiletan. Dena dela, IK4-TEKNIKERren ahaleginek, talentua biltzea baino gehiago, talentuari eustea eta, batik bat, transferitzea dute helburu.

Erronka horri aurre egiteko, talentua erakartzeko eta fidelizatzeko zein jardunbide egoki egiten ari zarete?
Maila baxua dugu pertsona-txandaketan; horrek argi erakusten du talentuari eusteko gure neurriak emaitza egokia ematen ari direla. Gure jardunbideen artean, hauexek dira azpimarragarriak: markaren posizionamenduaren eta erakargarritasunaren kudeaketa; lan-giro aberasgarria sustatzea (proiektu-aniztasuna, teknologia-maila, talde-lana); baldintza soziolaboralen esparru interesgarria eraikitzea, non askotariko kontziliazio-neurriak eta malgutasun handia biltzen diren; garapen profesionalerako sistema, konpetentzia-arloko hobekuntzari eta hazkundeari begira (GPS-Garapen Profesionalaren Sistema); eta hainbat bide ibilbide profesionala garatzen segitzeko, dela IK4- TEKNIKERren, dela gure ingurumariko beste industria-enpresaren batean.

Zer dela-eta batu beharko litzateke profesional bat IK4-TEKNIKERrera?
Kolaboratzeko, ikertuz, enpresen lehiakortasuna hobetzeko bidean. Hala, profesionalen batek benetako grina badu ezagutza eskuratzeko eta gero enpresetara transferitzeko, ikerkuntza aplikatuaren bidez, IK4-TEKNIKER joko du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko zentrorik onenentzat (Eusko Jaurlaritzaren bikaintasun-adierazleen azken sailkapenaren arabera). Halaber, 300 pertsonatik gorako talde handi batean lan egiteko, non ardura nagusia den enpresei baliozko teknologiak eta konponbideak ematea; bere doktoretza garatzeko, edota teknologia-maila handiko ekipamendua erabili ahal izateko; lan-giro egokian ikasteko, lankidetza eta pertsonen arteko komunikazioa sustatzen diren tokian; edo, baita ere, eta aurreko guztia bizi izan ondoren, bere ezagutza beste enpresaren baten eskura jartzeko (talentuaren transferentzia).

Zer eskaintzen diezue talentu gazteei?
IK4-TEKNIKERrek badu lekua hainbat gaitasun garatzeko: talde-lana, proiektuen kudeaketa, edo harremanak finkatzea inguruko enpresekin zein nazioartean. Aurrekoari gehi dakioke ikerketa-jarduerak sorturiko ezagutza sakona eta egitasmo berezietan parte hartu ahal izatea (besteak beste, teleskopio baten mugimendua zaintzea, azalera bati ezaugarri berriak ematea, edo, kostuak murriztearren, prozesu jakin batean teknologia berria txertatzea). Horrek guztiak balio handiko aukera ematen die gazteei beren burua aberasteko, pertsona zein profesional gisa.

Nola irudikatzen duzu etorkizunean IK4-Teniker, talentuaren ikuspegitik?
Nire ustez, talentuari atxikitzeko eta know how babesteko estrategiek protagonismo handia hartuko dute (dagoeneko hartzen ari dira). Jendeak ez du aukeratuko leku berean lan egitea bizitza osoan; beste norabait joango dira, baldin eta gure eskaintza aproposa ez bada edo interesik ez badu haientzat. IK4-TEKNIKERren, errazagoa izango da lan-proposamen erakargarriak saltzea, gurean lanean dauden pertsonen hemen jarraitzeko pasioari eta motibazioari eustea baino. Gaitasuna badugu jendeari entzuteko eta pertsonak zerk mugiarazten dituen antzemateko, horixe izango da gakoa besteen beharrizanei arintasunez aurrea har diezaiegun, bai eta elkarrekiko konfiantza eratzeko eta era naturalean “off line eta online” konbinatuko dituzten lan-esparruak sortzeko.

*Oharra: elkarrizketa hau IK4-TEKNIKERri egin diogu “Zer da Bizkaia Talent zuretzat?” lehiaketan saria eskuratu ondoren, erakunde-kategorian.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Corporation
×
×