Bizkaia Talent

Albisteak

2014-2015eko Talentia Programako parte-hartzaileek harrera ona eman diote Nazioarteko Ezarpenaren lehenengo Jardunaldiari

Uztailaren 9an, osteguna, bizkaia:talent-ek Nazioarteko Ezarpenaren lehenengo Jardunaldia antolatu zuen 2014-2015eko Talentia Programaren barruan: “Mugikortasun adimendunaren alde”. Ekitaldia Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egin zen, eta 150 lagun baino gehiago bertaratu ziren, Talentia Programako parte-hartzaileak eta hiru euskal unibertsitateetako ordezkariak kontuan hartuta: Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.

Ivan Jimenezek, bizkaia:talent-eko zuzendari gerenteak, bertaratutako guztiei eman zien ongietorria, jardunaldiko hizlari guztiak aurkeztu zituen eta nazioarteko esperientzia profesionala edukitzea garrantzitsua dela azaldu zuen. Era berean, Euskadiko ekonomia hobetu eta kontratazio gehiago egin diren arren, gogoratu egin zuen enpresa askok zailtasun handiak dituztela zenbait profil profesional aurkitzeko. Modu berean, metropolialdeen garrantzia ere azpimarratu zuen, talentua erakartzeko poloak direlako herrialdeen euren eta mugikortasun adimendunaren etorkizuneko joeren gainetik.

Bere agerraldiaren ondoren, María Teresa Ojangurenek, Lauaxeta Ikastolako zuzendari nagusiak, bertaratutakoei azaldu zien txiki-txikitatik hezkuntza funtsezkoa dela gaur egungo lan-merkatuak behar dituen gaitasunak garatzeko orduan. Halaber, pertsonentzat balio emozionalak oso garrantzitsuak direla adierazi zuen. Bestetik, talentuaren ardatz hirukoitza zein den ere adierazi zuen, hau da, grina eta ilusioa, bikaintasuna eta pertsonen konpromisoa bateratzea.

Ojangurenek bere agerraldia amaitu ondoren, Ainhoa Fernándezen txanda izan zen. 2011-2012ko Talentia Programako parte-hartzailea eta Zuzenbideko lizentziaduna da. Fernándezek parte-hartzaile guztiekin enpatizatu zuen bere agerraldiaren hasieratik, eta nabarmendu egin zuen oso garrantzitsua dela marka pertsonal ona eta balioak edukitzea. Bere lekukotasuna eman zuen, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Sailak eskaintzen dituen bekei esker Txinan bizitako nazioarteko esperientzia profesionala nolakoa izan zen azaldu zuen-eta.

Joseba Mezo, Gestampeko Hautaketa Saileko zuzendari korporatiboa, jardunaldiko hirugarren hizlaria izan zen, eta, aurkezpenean, bere erakundeak nazioartean ezartzeko garatutako prozesua oso garrantzitsua dela azaldu zuen. Era berean, bertaratutako guztiei adierazi zien oso garrantzitsua dela nazioarteko bizipena edukitzea, haien prestakuntza eta esperientzia pertsonala zein profesionala hobetzeko.

Atsedenaldi laburraren ostean, Ana Zudaire, Idomeko Pertsonen arduraduna, bere esperientzian oinarritu zen, bere erakundearen nazioarteko ezarpena nolakoa izan den eta zer aldaketa, neurri eta erronka garatu behar izan dituzten azaltzeko.

Azkenik, Ainhoa Gamboak, Maier S.Koop enpresako Erakundearen eta Pertsonen Garapeneko kudeatzaileak, Talentia Programako parte-hartzaileei jakinarazi zien balioak oso garrantzitsuak direla erakundeetan. Gainera, ordezkatzen duen enpresarenak izan zituen aztergai. Euren artean, honako hauexek azpimarratu zituen: konfiantza, aldaketarako jarrera, bezeroen atentzioa, eraginkortasuna eta lankidetza.

Nazioarteko Ezarpenaren Jardunaldiaren bidez eta bertaratutako hizlari guztiei esker, Talentia Programaren seigarren edizio honetako parte-hartzaileek behar besteko aukera izan zuten, eskolaratzen direnetik ikasleak ikastetxeetan nola prestatzen diren jakiteko. Horrela, bada, gizartearen aurreikuspenei erantzun eta enpresen gaur egungo eskakizunak bete ahal izango dituzte. Bestetik, gaur egungo lan-merkatuak zer profil eskatzen dituen eta pertsona aktibo nagusitzat hartzen duen erakundean nazioarteko ezarpenerako prozesua nola egiten den jakin zuten.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×