Bizkaia Talent

Albisteak

Bizkaia talentek MIT European Career Fair azokan parte hartu eta networkingeko topaketa antolatu du Boston inguruan bizi eta ondo baino hobeto prestatuta dauden euskal profesionalekin

MIT Boston Career Fair azokan zegoela eta, bizkaia talentek topaketa antolatu zuen Boston inguruan bizi eta ondo baino hobeto prestatuta dauden euskal profesionalekin.

Bizkaia talentek badaki zeinen garrantzitsua den lanerako eta lankidetzarako nazioarteko sareak sortzea eta garatzea. Hori dela eta, Bostongo metropolialdean bizi diren euskal herritarrekin egin zuen topaketa. Aurton talentuaren inguruan antolatutako bigarren topaketa izan da, eta Boston inguruan bizi diren euskal herritarren kezkak eta egoera zein diren jakitea zuen helburu.

Topaketa CIC BOSTON Meridian Event Spacen egin zen, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo Sustapen eta Turismoko zuzendaria, Asier Alea, egon zen bertan. Era berean, foru-zuzendaria Bostonera bertara ere joan zen, zenbait bisitaldi egiteko eta inguruko erakundeekin hitzarmenak ixteko, munduko jakintza-nodo nagusiekin harreman iraunkorrak sortzeko ekimenari jarraipena eman nahian. Hori dela eta, Massachusettseko gobernuko sustapen ekonomikoko ordezkari nabariekin batzartu zen Alea.

Ivan Jimenezek, bizkaia talenteko zuzendari gerenteak, Bostongo Event Spacen azaldu zuen zein den gaur egungo lan-egoera eta etorkizunari begira zer aukera dauden Euskadin ondo baino hobeto prestatutako profesionalentzat.

Halaber, Be Basque Talent Networken garapenari buruzko ideiak ere partekatu zituen, baita gaur egun Bostonen bizi diren profesionalek beste euskal erakunde eta profesional batzuekin lan egiteko daukaten aukerei buruzkoak ere. Hain zuzen ere, Euskadirekin lotuta dauden edo egon nahi duten profesional prestatu-prestatu guztiak dira Be Basque Talent Network sareko kideak. Gaur egun, munduko 80 herrialdetan lan egiten duten 7.000tik gora profesional eta 150etik gora euskal erakunde daude sare horretan erregistratuta.

Otsailaren 6an, 7an eta 8an, urtero Bostonen egiten den Massachusetts Institute of Technology MIT European Career Fair azokan parte hartu du bizkaia talentek. Bertan, ondo baino hobeto prestatuta dauden 5.000tik gora izangai (europarrak, iparramerikarrak eta munduaren gaineratikokoak) elkartu dira arlo pribatu zein zientifikoan kontratazio-premiak dituzten 132 enpresa eta erakunde europarrekin.

Bizkaia talentek nazioarteko hitzordu horretan parte hartzen du, Bizkaia-Euskadirentzat estrategikoak diren arloetan ondo baino hobeto prestatuta dauden profesionalak eta ikertzaileak aurkitzeko eta erakartzeko eta, kontratatuak izan barik ere, profesional horien eta enpresen (edo erakundeen) artean sortu daitezkeen lankidetza-aukerak eta kontratazioak aztertzeko. Hartara, ikerketa-lerroak zein produktuak edota zerbitzuak garatu ahal izango dira, eta AEBn bizi diren euskal profesionalei emango zaie lehentasuna. Aurton, bere erakustokian, bizkaia talentek goi-prestakuntzako 46 lan-eskaintza aurkeztu die azokara hurbildu diren profesionalei.

Talentua Bizkaia-Euskadira erakartzeko, berton geratzeko eta inplikatzeko elkartea azoka ospetsu horretan parte hartzen duen euskal erakunde bakarra da, eta aurtengoa seigarren edizioa izan da beretzat (2010/2011/2012/2013/2014/2015). Aurton, hain zuzen ere, 18 euskal erakundetako ordezkaria izan da, eta zientziaren, teknologiaren nahiz enpresaren arloan ondo baino hobeto prestatutako profesionalak erakartzea eduki du xede: CiC Nanogune (3 eskaintza), Tecnalia Research & Innovation Fundazioa (5 eskaintza), Pa Consulting Services Limitedeko Espainiako bulegoa (2 eskaintza), Grapheneasa (3 eskaintza), Ve Interactive Spain, S.L. (2 eskaintza), BCAM – Basque Center for Applied Mahtematic (2 eskaintza), Fagor Arrasate, S. Coop (eskaintza 1), Advanta Holdings Ltd. (3 eskaintza), Ferruelo y Velasco (eskaintza 1), Ticketbis (eskaintza 1), CiC Energigune (15 eskaintza), Grupo Ulma, S. Coop (2 eskaintza), Achucarro Basque Center for Neuroscience Fundazioa (eskaintza 1), Panda Security, S.L. (eskaintza 1), Polymat Fundazioa. Basque Center for Macromolecular Design and Engineering (eskaintza 1), Deustuko Unibertsitatea (eskaintza 1), Panda Security, S.L. (eskaintza 1) eta Maier, S. Coop (eskaintza 1).

Azoka honetan, lan-aukerak eskaintzen zaizkie Europan lan egin nahi duten profesionalei, oso espezializatutako profilak behar eta Europan lan-aukerak eskaintzen dituzten erakundeetan.

Izangai gehienak AEBko unibertsitate onenetatik datoz; esate baterako, MIT, Harvard eta Ivy Liga (Columbia, Princeton, Cornell eta Yaleko unibertsitateek osatutakoa, besteak beste).

Europako Enplegu Azoka 1995. urteaz geroztik AEBn egiten den horrelako ekitaldi handiena da. Gaur egun AEBn lanean dauden herritar europarrak erakartzeko aukera ez ezik, era guztietako arloetako izangai ez-europarrak aurkezteko aukera ere bada ECF.

Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Unibertsitatea
×
×