Bizkaia Talent

Albisteak

Orkestrak, Lehiakortasunaren Euskal Erakundeak, Euskadiko 2015eko Lehiakortasunari buruzko Txostena aurkeztu du

Orkestra – Lehiakortasunaren Euskal Erakundeak egindako Euskadiko 2015eko Lehiakortasunari buruzko Txostenean nabarmentzen denez, ezinbestekoa da hazkuntzarako zein inbertsiorako politikak ezartzea, gaur egun euskal enpresa askorentzat dauden baldintza onei onura ateratzeko.

Orkestrako ikertzaileek egindako diagnostikoaren arabera, une honetan oso baldintza onak daude euskal ekonomia bete-betean sustatzeko. Enpresek zorpeketaren eta errentagarritasunaren arloan dituzten zenbakiak kontuan hartuta, hazteko eta inbertitzeko egoera egokia da. Are gehiago, euskal industria nolakoa den kontuan hartuta, azken urteotan zigortuta egon arren krisitik azkar irteteko ahalmena daukaten zikloen aldeko sektoreetan dagoelako oinarrituta. Orkestrak egindako txostenean behin eta berriro adierazten denez, une honetako aukerari atera behar zaio onura, eta, horretarako, ezinbestekoa da sektore publikoak eta enpresak hazkuntzarako eta inbertsiorako politikak eta ekimenak ezartzea.

Nolanahi ere, txostenean bertan aitortzen da euskal ekonomiako errealitatea duala dela, enpresa-jardueraren portaeraren eta bilakaeraren adierazleak onak izan arren, oraindik ere oso kezkagarriak diren beste faktore batzuk ere badaudelako: oraindik euskal enpresen herenek baino gehiagok galerak dituzte euren balantzeetan, langabezia-tasak oso handiak dira oraindik eta egoera txarragoan dauden talde sozial ugari daude.

Beraz, Orkestrak azaltzen duenez, antzemandako baldintza egoki horiek ez dute eragin bera izango enpresa guztietan, ezta sektore eta herritar guztietan ere.
Euskadiko 2015eko Lehiakortasunari buruzko Txosteneko ondorioetan aipatzen denez, ez dago krisitik irteteko errezeta bakarra. Alde horretatik, honako hauxe proposatzen du Orkestrak: azken urteotan dibertsifikaziorako bultzatutako zenbait dinamika eta politika sustatzen jarraitzea, baina susperraldiaren aukera berriarekin bat egiteko zailtasun handiagoak dituzten sektoreei eta taldeei laguntzeko ekintzen eta neurrien ezarpenari lehentasuna ematea: enpresa txikiak, manufaktura aurreratuko sektorea (Euskadiko BPGd-ren 525ekoa da-eta) eta egoera txarragoan dauden taldeak. Horrela, honako hauexetan oinarritutako berrikuntzaren ekonomiaranzko iragaitza azkartua gertatuko da: dibertsifikazioa, ekoizpenaren eraldaketa eta teknologikoa ez den berrikuntzaren bultzada.

Enpresa txikien garaia

Txostenean, enpresen tamainari buruz azaltzen diren datuen arabera, enpresa handi eta ertainak hobeto prestatuta daude krisitik irteteko erronkei aurre egiteko orduan. Azken urteotan enpresa handien dinamismoa txikiagoa izan bada ere, euren mailari eutsi diote berrikuntzan, enpresen arteko lankidetzan, esportazioan eta errentagarritasun-marjinetan. Enpresa txikiek, ordea, ahalegin handia egin dute euren produktuak berritzeko eta nazioartean ezartzeko, nahiz eta oraindik ekimen hori errentagarritasun ekonomikoan islatu ez den.

Enpresa txikiak zigortuenak izan dira krisian enpresaren hedapenari eta errentagarritasunari begira. Hori dela eta, txostenean bertan adierazten da behar besteko politika publikoak diseinatu behar direla talde horren premia zehatzei erantzuteko eta teknologikoa ez den berrikuntzaren bultzada lehenetsi behar dela.

Ekoizpenaren eraldaketa

Ekoizpenaren eraldaketari dagokionez, txostenean bertan nabarmentzen da krisiaren ondorioz maila teknologiko handiagoko manufakturen eta zerbitzuen sektorearen zeresana areagotu dela harik eta ekonomia aurreratuagoen parera iritsi arte. Nolanahi ere, zenbait jardueraren zeresana jaisteagatik (eraikuntza eta industria, batez ere) gertatu da eraldaketa hori eta ez hainbeste espezializazio adimendunerako estrategia diseinatuaren ondorioz jarduera berriak sortzeagatik.

Etorkizunari begira, txostenean bertan proposatzen da euskal sektore estrategikoak bultzatzen jarraitzea: biozientziak-osasuna, energia eta ekoizpen aurreratua. Puntu horretan, hain zuzen ere, batez ere ekoizpen aurreratua sustatzen duten  politikak diseinatzea proposatzen da, 4.0 industriarekin lotutako elementuak ezartzeko erronka handiei aurre egin beharko zaielako: teknologikoa ez den berrikuntza, IKT, negozio-ereduak eta zerbitizazioa.

Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Unibertsitatea
×
×