
Bizkaiko unibertsitate-talentua lurraldeko enpresekin elkarlanean aritu da haien enplegu-marka hobetzeko
2025/04/30
- Euskadiko hiru unibertsitateetako 128 ikaslek Skillathon-en beste edizio batean parte hartu dute Bizkaiko enpresei Z Belaunaldiari begira enplegatzaile erakargarri gisa duten posizionamendua sendotzen laguntzeko
Skillathonen seigarren edizioan, Bizkaia Talentek Talentia Skills programaren barruan antolatutakoan, Bilboko La Perrera talentu gazte oparoenaren eta Bizkaiko enpresa erreferenteen arteko topagunea izan zen beste behin. Hiru egunez, apirilaren 8an, 9an eta 10ean, hainbat profil akademikotako 128 unibertsitate-ikasle Z Belaunaldia erakartzera bideratutako employer branding estrategiak diseinatzen aritu ziren, Kaizen Institutek eta Laboral Kutxak planteatutako erronketan oinarrituta. Izan ere, erakunde biek enplegatzaileak diren aldetik dituzten testuinguruak eta beharrak azaldu zizkieten ikasleei.
Aurten proposatutako erronka bi erakunde horiek enplegatzaile gisa duten balio-proposamena birdefinitzea izan da, beren kultura korporatiboa, mezuak eta barne-politikak egungo talentu gaztearen espektatibekin lerrokatzeko. Horretarako, ikasleek funtsezko kontuei buruz hausnartu zuten: lan-baldintzak, erakunde-kultura, hazkunde profesionalerako aukerak eta kide izatearen sentimendua, besteak beste.
Diziplina anitzeko taldeetan antolatuta eta design thinking metodologiak bideratuta, parte-hartzaileek irtenbide sortzaileak garatu zituzten eta zuzenean aurkeztu zizkieten erakundeetako giza baliabideen arduradunei.
Ekimen honek ikasleei beren ezagutzak benetako ingurune batean aplikatzeko aukera paregabea emateaz gain, funtsezko zeharkako gaitasunak garatzea ahalbidetu zien, besteren artean talde-lana, komunikazio eraginkorra eta berrikuntza. Aldi berean, enpresek proposamen berritzaile eta aberasgarriak jaso zituzten, lan-merkatuaren oraina eta etorkizuna direnek zuzenean sortuak.