TALENTIA SAREAREN lehenengo edizioa bukatzen da
Urtarrilaren 21ean, asteazkena, TALENTIA SAREAREN hirugarren eta azken topaketa egin zen. Bertan, hiru taldetan banatutako sareko parte-hartzaileek labur-labur azaldu zituzten azken hileotan Asier Alea, Alfonso Martínez Cearra zein Paco Garmendia coachen laguntzaz eta bizkaia:talent-eko Ivan Jimenez zuzendari gerentearen ekarpenaz landu dituzten proposamenak.
Lehenengo proiektua Natura, ingurunea eta jasangarritasuna gaiaren inguruan garatu zen, eta birziklapenaren aldeko jarrera zein abantailak puntu metagarrien bidez saritzen duen Ekocard txartela izan zuen hizpide.
Bigarren proiektuan, Smart Citien gaia landu zen, eta Zorrotzaurreko etorkizuneko uharterako sistema adimendun bezain jasangarria proposatzen zen.
Hirugarren proiektua Talentuen mugikortasuna gaiaren barruan zegoen kokatuta, eta zenbait proposamen eskaintzen zituen, oso-oso ondo prestatutako pertsonak gure lurraldean geratzeko. Horretarako, zenbait zutabetan oinarritzen zen; esate baterako, Euskadiko integrazio soziala, kulturala eta familiarra.
Ekitaldiaren amaieran, SAREKO Talentien partaidetza eta interesa egiaztatzeko diplomak banatu ziren. Diploma horiek bizkaia:talent-eko Ivan Jimenez zuzendari gerenteak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Saileko Enplegu Zerbitzuko Maite Eguskizaga buruak banatu zituzten.
Ivan Jimenezek emozioz zoriondu zituen parte-hartzaile guztiak, mundu-mailan aitzindaria izan den ekimenean erakutsitako interes, arduraldi eta ahaleginagatik. Bertan, hain zuzen ere, parte-hartzaile guztiak Bizkaiko eta, horren ondorioz, Euskadiko gizartearen garapen sozial, ekonomiko, kultural eta orokorrean inplikatzea da helburu nagusia. Hau da, plataforma horretan, Talentia eta Talent Pro Bizkaia programetako parte-hartzaileek badute etorkizuneko Bizkaia aldatzeko ideiak azaltzerik.
Aurkeztutako proposamen guztiak arloko adituek aztertu, ebaluatu eta saritu egingo dituzte, Talentia Sarearen irizpideak kontuan hartuta. Proposamen bikainenak 3.000 euroko zuzkidura ekonomikoa jasoko du aitorpen moduan.