Bizkaia Talent

Albisteak

Mayya Sundukova: “Bizkaia Talentek nire lan-ibilbidean orientatzen eta Euskadiko ekosistema zientifikoan harreman-sarea sortzen lagundu zidan”

  • Ikertzaile errusiarrak, Biofisika Bizkaia Fundazioan kolaboratzen duenak, World Cuisine Leagueren azken edizioan parte hartu eta Bizkaira heldu zenetik bizi izan duen esperientzia pertsonal zein profesionala kontatu zuen.

Joan den apirilaren 13an, Bizkaia Talenteko Be Basque Dual Career Centre zerbitzuak, Euskadira lanera datozen profesionalei eta beren bikotekideei harrera egiten dienak, World Cuisine League izeneko topaketaren beste edizio bat egin zuen, online, nazioarteko komunitatearen integrazio soziokulturala sendotzen jarraitzeko.

Oraingoan, protagonista Mayya Sundukova errusiarra izan zen, biofisikan eta neurozientzian doktorea, eta Biofisika Bizkaia Fundazioko ikertzaile kolaboratzailea. 2019. urtearen hondarretan etorri zen Bizkaira familiarekin, senarra ikertzaileentzako Ikerbasque programan sartu zenean, eta harrezkero bizi izan duen esperientzia kontatu zien bertaratuei.

Saioaren lehen zatian, Sundukovak Errusiako jaki tipiko bat nola prestatu azaldu zuen, Shuba, hain zuzen ere, sardinzar-entsalada errusiarra azalez estalia. Sobietar jatorriko plater tipiko honek “sormena lantzea eta osagaiekin nahiz formekin esperimentatzea ahalbidetzen du”, haren hitzetan.

Ondoren, ikertzaileak bere bidaia pertsonalaren berri eman zien bertaratuei: zein trabari egin behar izan dien aurre eta zein erronka gainditu behar izan dituen Bilbora heldu arte, beste herrialde batzuetan ikasteko eta bizitzeko Errusia sorterria utzi zuenetik. Haren esanetan, “bidean, beti galtzen dituzu gauzak, baina eremu neutroak ere topatzen eta ezagutzen dituzu; bertan, ikasi, pertsona gisa hazi, eta aukeraz beteriko hasiera berrira moldatzen zara”.

Sundukovak gure artera iritsi zenetik Bizkaia Talentek emandako laguntza nabarmendu zuen: “Nire lan-ibilbidean orientatzen eta Euskadiko ekosistema zientifikoan harreman-sarea sortzen lagundu zidan. Be Basque Dual Career Centre zerbitzuari esker, hazten jarraitu ahal izan dut, pertsonak ezagutu ditut eta honako ondorio honetara heldu naiz: etorkizunean, nazioarteko hainbat lagunen esperientziez osaturiko istorioak idaztea izan dezaket lanbide, beste pertsona batzuei laguntzeko”.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×