Bizkaia Talent

Prentsa-aretoa

World Cuisine League ekimeneko azken saioa Bilbon bizi den Zimbabweko arkitekto batekin

2021/07/21

  • Marcelle Mardon arkitekto eta ekintzaileak Bilbora iritsi zenetik bizi izan duen esperientzia profesional eta pertsonalaren berri eman du

World Cuisine League abian jarri zenetik, iazko azaroan, goi-mailako prestakuntza duten nazioarteko sei profesionalek Euskadira lan-esparruan birkokatzeko iritsi osteko beren esperientzia iradokitzaileak kontatu dizkigute, nork bere sorterriko gastronomia ezagutarazteaz gain. Hilabete hauetan, hainbat adar profesionaletako pertsonen testigantzak entzun ahal izan ditugu, besteak beste Mexiko, Italia, India, Errusia, Iran eta Kolonbiatik etorritako profesionalenak, hain zuzen ere.

Liga honetako zazpigarren eta azken saioan, Marcelle Mardon izan dugu protagonista, arkitektoa, ekintzailea eta hirigintzaren barruan sozialki bultzaturiko diseinu parte-hartzailerako prozesuetan nazioarteko aditua, bereziki genero-inklusioarekiko intersekzioari dagokionez. Mardonek Zimbabweko bere plater gogokoena (Sadza ne nyama, haragi-erregosia barazkiekin) prestatzeko funtsezko osagaiak zein diren azaldu digu, baita emakumeak aldaketaren eragile izan daitezen nola ahaldundu ere.

Marcellek “borrokalaria, sortzailea eta diziplina anitzekoa” dela uste du. Bilbora iritsi zenean krisi ekonomikoa zegoenez, ezin izan zuen bere arkitekto-ibilbidea garatzeko aukerarik aurkitu. Horrenbestez, malgua izan behar izan zuen eremu berrira egokitzeko, eta, bere burua berrasmatzeko, bere trebetasunetatik zein transferi zitzakeen aztertu zuen. Orduan, pertsona zaurgarri asko zeudela jabetu zen, bereziki emakumeak, eta bazutela indarra beren garapenerako esparruak diseinatzeko eta gizarte- nahiz hezkuntza-mailan eragiteko. Eskarmentuak erakutsi dionez, “andreen eta gizonen arteko lankidetza funtsezko osagaia da ingurune sozial eta ekonomikoa aldatzeko”.

Eragileekin eta emakumeekin elkarlanean, etorkizunerako konponbide iraunkorrak ezartzeko emakumeek gidatzen dituzten mugimendu komunitario transnazionalen ahalmenaren gaineko kontzientzia sortzeko proiektuetan lan egiten du. Horretarako, Slum Dwellers International delako metodologia baliatzen dute, Indian jaioa; gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-mugimendu horren bidez, andrazkoek beren hirietako eremu txiroak eraldatzen dituzte. “Irmoki sinesten dut emakumeak aldaketa-eragile direla, bizibideak eta enpresa-espiritua ardatz hartuta” azpimarratu du.

Sadza ne nyama platerari dagokionez, Marcellek errezetak zer transmititzen duen eta osagai bakoitzak zer irudikatzen duen azaldu du: “Artoa oinarrizkoa, aldakorra eta erresilientzia handikoa da. Funtsezko balioak edo trebetasunak izatea irudikatzen du, egoera desberdinetan erraz aplikatzen direnak, fidagarriak eta oinarri sendokoak. Barazkiak elikagaia, energia eta bizitasuna dira, etengabeko ikaskuntzatik, sareko lanetik, testuinguru berrietatik eta tutoretzatik sortuak. Eta, azkenik, saltsa/haragia pasioa da, zaporea, goizero esnatzen zaituen hori”.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×