Bizkaia Talent

Albisteak

Bizkaia Talent eta AFM hogeita hamar profesionalekin batu dira Hannoverreko Be Basque Talent Meeting-ean

  • Topaketan Fabrikazio Aurreratuko eta Digitaleko Klusterra eta Basque Trade & Investment agentzia izan ziren

Be Basque estrategiari jarraiki, Bizkaia Talentek beste Be Basque Talent Meeting bat antolatu du, 2019ko bosgarrena, hain zuzen. Oraingoan, Hannover izan da aukeratutako hiria ―aurrekoak Boston, Göteborg, Amsterdam eta Helsinki izan ziren―.

Ekitaldia irailaren 19an egin zen, eta goi-mailako prestakuntzadun 30 profesional elkartu ziren bertan. Aipatu profesionalak Alemaniako hirian eta bere inguruan ari dira beraien lan-ibilbidea garatzen, besteak beste, sektore hauetan: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, arlo zientifiko-teknologikoa, manufaktura eta hezkuntza.

Bizkaia Talenteko zuzendari gerente Ivan Jimenezek eman zion hasiera saioari, eta Euskadiko lan-merkatuaren aukerak aurkeztu zituen, bai eta bertan gehien eskatzen diren profilak ere. Halaber, profesionalei beren lan-ibilbidea Euskadin jarraitzea ahalbidetuko lieketen tresna berritzaileenetako batzuen berri eman zuen.

AFMko nazioartekotze-zuzendari Mikel Artolak, era berean, Euskadiko makina-erremintaren egungo egoera azaldu zuen, eta sektore estrategiko horren ―herrialdearen benetako industria-eragilea― etorkizunaz ere aritu zen. Orobat, bertaratu ziren profesionalek aukera izan zuten Basque Trade & Investmentek Alemanian duen bulegoko zuzendari Maria Sarricoleari entzuteko, zeinak bi herrialdeen arteko merkataritza-harreman estua nabarmendu zuen.

Be Basque Talent Network
Be Basque Talent Network Euskadirekin harremana duten edo izan nahi duten goi-mailako prestakuntzadun profesionalen munduko sarerik handiena da. 100 herrialdetan baino gehiagotan ari diren 12.800 profesionalek eta Euskadiko ia 400 erakundek osatzen dute. Bere xedea da mundu osoan zehar lanean diharduten profesionalak beste profesional eta enpresa batzuekin harremanetan jartzea, talentua mugi dadin eta kontaktuak nahiz merkataritza-erlazioak era daitezen.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×