Bizkaia Talent

Albisteak

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Talentia Programaren seigarren edizioko parte-hartzaileei diplomak banatu dizkie

  • Unai Rementeriak gogoratu du Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu egin duela 30 urtetik beherakoek praktiketako 2.108 kontratu eta 497 kontratu mugagabe sinatu izana 2010 eta 2014 urteen artean. Aurreratu du, gainera, Aldundiak sendotu egingo dituela kolektibo horri zuzendutako enplegu planak, beste 4.000 gaztek kontratuak lor ditzaten.
  • Aurtengo Talentiaren edizioan, EAEko hiru unibertsitateetan ikasten dauden 170 gaztek hartu dute parte; eta sei edizioetan, guztira, 903 gaztek hartu dute parte.

Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Unai Rementeria, izan da buru aurtengo programan parte hartu duten gazteei diplomak emateko ekitaldian. Harekin egon dira EAEko hiru unibertsitateetako errektoreordeak: Carmelo Garitaonaindia (UPV/EHU), Víctor Urcelay (Deustuko Unibertsitatea) eta Jon Altuna (Mondragon Unibertsitatea). Ekonomia Sustatzeko diputatua, Imanol Pradales, eta Bizkaia:talent-en zuzendaria, Ivan Jiménez, ere egon dira ekitaldian. Bertaratutako guztien aurrean, Rementeriak mezu baikorra eman die gazteei: “Ez egin kasurik mezu katastrofistei. Ez egin jaramon aukerarik ez dagoela esaten dutenei. Badaude aukerak. Benetako aukerak daude. Agian ez daude guk nahi beste, baina gehiago egoteko ari gara lanean. Enpleguari eta suspertze ekonomikoari ematen diegu lehentasuna. Zertarako? Pertsonengan inbertitzen jarraitzeko. Zuen zain dagoen etorkizuna hor dago. Seguru”.

Talentia programa

Bizkaia:talent-ek kudeatzen du programa, eta helburua da EAEko hiru unibertsitateetan gaitasun handiena duten Bizkaiko ikasleei lan egokia aurkitzeko eta lanbide-garapen egokia edukitzeko orientazioa ematea. Horrez gain, programak lotu egiten ditu aipatu ikasleak eta inguruan duten errealitate zientifikoa, teknologikoa eta enpresakoa.

Programaren sei edizioetan, guztira, 903 ikaslek hartu dute parte. Unibertsitateek aukeratzen dute zein ikasle izango den partaide; horretarako, espediente akademiko onenak eta beste gaitasun batzuk (zentro bakoitzak zehaztutakoak) hartzen dituzte kontuan. Karrerako azken urtea ikasten ari diren ikasleak dira denak. Eta otsailaren erditik uztailaren hasierara bitartean aholkuak eta informazio pertsonalizatua ematen zaizkie haien lan eta lanbide orientazioari buruz. Lanbideen eta sektoreen inguruko topaketetan parte hartzen dute, baita bisita teknikoetan eta lantegietan ere.

Aurten, zehazki, Talentiako 170 partaideek zuzenean ezagutu ahal izan dituzte profesional ezagun batzuk: José Luis Larrea, Roberto San Salvador, Begoña Marañón, Juan José Ibarretxe eta Guillermo Dorronsoro. Gainera, besteak beste, ondokoak bisitatu dituzte: Basque Center of Applied Mathematics (BCAM), Biocruces, BTEK (Teknologia Interpretatzeko Zentroa), Deloitte, Ede Fundazioa, Euskal Irratia Telebista, Euskalduna Jauregia Bilbao, Euskaltel S.A., Gaiker-IK4, Guggenheim Bilbao, Idom, ITP, K2k Emocionando, La Alhóndiga, Lamiako Eskola, Lancor, Lauaxeta Ikastola, LKS Group, Neiker-Tecnalia, Sarein edo Tecnalia Research & Innovation.

Aurten, lantegi desberdinak egin dira. Horietako bat ekintzailetzari buruzkoa izan da, eta BEAZen laguntzarekin egin da; beste bat nazioartekotzeari buruzkoa izan da. Denak egin dira Talentia programaren barruan, lehenengo aldiz.

Amaitzeko, sektoreen araberako 16 topaketa egin dira eta, horietan, ikasleek prestakuntza-adar desberdinetako adituekin hitz egin ahal izan dute (bakoitzak bere diziplina akademikoari lotutakoarekin). “Hazte valer” (“Balora ezazu zure burua”) leloa zuen jardunaldian, enplegua modu aktiboan nola bilatu azaldu zitzaien, eta laneko elkarrizketa bat egiteko gomendioak ere eman zitzaizkien.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×