Bizkaia Talent

Albisteak

Euskal ekonomiak 1.400 enpresa gehiago ditu udaren ostean, eta 2012ko mailan dago gaur egun

Azken bi hilabeteotan Euskadin abian jarritako negozioek 24.100etik gora lagunentzako enplegua sortu dute

Irailean eta urrian, Euskadin, enpresak sortzeko erritmoa azkartu egin denez, udako txarrerako joera eten da, eta konpainien kopurua 2012. urtearen amaierakoaren parean dago. Urriaren 31n, hain zuzen ere, 58.622 euskal enpresa zeuden Gizarte Segurantzan inskribatuta, hau da, iaz baino 775 gehiago eta irailean baino 417 gehiago. Euskal ekoizpen-sarean, 58.000 merkataritza-sozietate baino gehiago daude, eta kopuru hori bat dator azken hilabeteotako enpleguaren hobekuntzarekin. Ekintzailetza eta lana eskutik doaz beti, eta badirudi bientzako egoerak ere hobera egin duela, oraindik ere bide luzea egin behar den arren.

2013ko irailetik gaur egunera arte, 1.799 konpainia berreskuratu dira. Euretatik, ia-ia 1.400 irailean eta urrian berreskuratu dira, joan den udan jarduera etetean aurtengo lehenengo hilabeteetan lortutako hobekuntza guztia galdu zen-eta.

Hain zuzen ere, 984 enpresa eratu dira irailean, hau da, 2007ko epealdi berean baino 150 gehiago eta orain arteko zikloko hilabete dinamikoenean, iazko irailean baino 300 gehiago. Are gehiago, dinamikak bere horretan iraun du urrian, Gizarte Segurantzan izena eman duten enpresen kopurua 417 baino gehixeagokoa izan da-eta. Estatistika arteztu egin da, eta bilakaera bera ere azaroan sendotu daiteke, enpresa proiektuak abian jartzeko hilabete ona delako oro har.

KREDITUAREN DESBLOKEOA

Edonola ere, gaur egun badirudi euskal ekoizpen-sarean 59.000 inguru enpresa egongo direla urtearen amaieran, eta maila hori 2012ko udan galdu zen berriro ere krisian geundela baieztatu zenean. Ekonomia suspertu egin da, baina, horrez gain, ekintzailetzaren sua ere biziagotu da Euskadin, bankuko kreditua normalizatu egin delako eta, horren ondorioz, negozioen sorrera bultzatu delako berriro, krisian konpondu gabeko arazoa izan ostean.

 

Dinamika hori bankuetako balantzeetan antzematen da. Irailera arte, Kutxabankek enpresei 1.000 milioi euroko maileguak eman dizkienez, iazko kopurua bikoiztu da. Bien bitartean, hurrengo urteari begira, Laboral Kutxak enpresen finantziaziorako 2.000 milioi euro prestatu dituenez, urte oso honetarako aurreikusitako kontu-saila ere bikoiztuko da.

Lan-merkatua suspertzen ari da, eta, gaur egun, urtarrilaren 1ean baino ia-ia 19.000 lagun gehiagok lan egiten dute Gizarte Segurantzan inskribatutako konpainietan. Abuztuan behea jo ondoren eta enplegu-maila urtearen hasierako datuen azpitik egon ondoren, azken bi hilabeteotan 24.104 afiliatu berreskuratu dira, eta 650.741 kotizatzaile daude. Kopuru horretan, funtzionarioak eta autonomoak ere hartu beharko lirateke kontuan, Euskadiko Autonomia Erkidegoko lan-indarraren argazki osoa edukitzeko.

SEKTOREKAKO ENPLEGUA

Gizarte Segurantzan erregistratutako konpainietako langileen sektorekako banaketari dagokionez, gaur egun gehienek (464.169 lagun, %71) zerbitzuetan lan egiten dute; eta, guztira, 150.972 lagunek, industrian. Eraikuntza, ostera, horren azpi-azpitik dago (30.800 baino gehixeago), eta ia-ia 4.778 lagunek dihardute nekazaritzan.

Hirugarren sektoreak konpainia-kopuru handiena dauka (46.000 baino gehiago), baita enplegu-kopuru handiena ere bai (464.169 langile). Aurton, gainera, 300 enpresa eta 11.015 enplegu gehiago daude bertan.

 

ERAIKUNTZA

Eraikuntzako 4.770 euskal enpresek ia-ia 31.000 laguni ematen diete lana. Aurton, 2008. urtetik lehen aldiz, enplegua sortzen ari da ‘adreiluan’, eta 1.399 kotizatzaile gehiago daude.

 

INDUSTRIA

Euskadiko lantegiek 151.000 inguru laguni ematen diete lana. Industria batez besteko langile-talde handieneko sektorea da, 22 langilekoa da-eta. Urtarriletik urrira, 5.548 kontratu gehiago egin ditu.

Lehen sektoreko jarduerak dira ekonomian ekarpen txikiena egiten dutenak. Enpresen kopurua ez da 900era iristen, eta, enpleguari dagokionez, 1.000 afiliatu baino gehixeago daude Gizarte Segurantzan.

 

 

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×