Bizkaia Talent

Albisteak

Euskadik Basque Industry 4.0 estrategia aurkeztu die Alemaniako industriako adituei

Tapia Europako kolaboratzaileen sarea osatzen ari da, Euskadi Europako industriaren abangoardian egon dadin. Euskadik eta Alemaniak metodologia bera darabilte I 4.0n teoriatik praktikara igarotzeko. Informazio, komunikazio eta elektronikaren teknologien (IKET) sektorea: industriaren etorkizunerako gakoa. Eusko Jaurlaritzak GAIA klusterra du Euskadiko industria «adimendunerako».

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ordezkaritzak, Arantxa Tapia sailburua buru dela, Industria 4.0ko euskal estrategia Alemaniako industria aurreratua garatzen duten aditu eta lider nabarmenekin eztabaidatu du.

Honakoek osatzen dute ordezkaritza: Tapia sailburuak, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáezek, Industriako sailburuorde Javier Zarraonaindiak, Nazioartekotzeko zuzendari Ainhoa Ondarzabalek eta SPRIren zuzendari nagusi Alex Arriolak.

Arantxa Tapia Henning Kagermann jaunarekin bildu da gaur Berlinen. Henning Kagermann ACATECHeko (Zientzien eta Ingeniaritzaren Alemaniako Akademia) presidentea da, eta Gobernu Federalaren goi-teknologiako estrategiako aholkularia; izan ere, Europako iraultza digitalaren joera abangoardistenak ezagutzen ditu.

ACATECHen egoitzan bildu dira, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek zehatz-mehatz aurkeztu dute Industria 4.0 arloko euskal estrategia, eta Alemaniakoarekin alderatu dute. Arreta berezia jarri diote hori ezartzeko faseari, teoriatik praktikara igarotzeari eta herrialdeko agenteen parte-hartzeari. Gainera, I 4.0ren inguruan Alemanian sortu diren «negozio-eredu berriak» aztertzeko parada ere izan dute.

Kagermannek positiboki baloratu du euskal estrategiak ibili duen bidea, eta, onartu duenez, hori izango da etorkizunean Europan gailenduko den industria, baldin eta industriak Europako ekonomiatik eraginkortasunez «tira egitea» nahi badugu, munduko beste potentzia batzuen ekonomien aldean.

 

I 4.0 plataforma: Gobernu Federalak bultzatuta

Arratsaldean, Tapia sailburua Industrie 4.0 plataformaren zuzendari Henning Banthienekin bildu da. Gobernu Federaleko Ekonomia eta Energia Ministerioak kudeatzen du plataforma hori, eta industriaren eta zientziaren arloko agente ugarik parte hartzen dute.

Bileran, berriro alderatu dituzte, batetik, Pilotaje Taldearen –I 4.0 estrategia zabaltzeko sortutakoa– egitura eta funtzionamendua eta, bestetik, Alemaniako Plataformaren funtzionamendua.

«Alemaniak herrialdeko agenteak inplikatzeko eta estrategia arlo politikoa eta publikoa ere buru duen prozesu batean ezartzeko eman dituen urratsak ezagutu ahal izan ditugu. Fase praktikoenean traba edo zailtasun nagusiak non sor daitezkeen antzemateko balio izan digu; alegia, benetako proiektu berriak bultzatzeko, eta enpresak eta eragileak orain arte industriarako ezezagunak izan diren negozio-eredu berrietan hastera bultzatzeko fasean».

Alemaniako Industrie 4.0 plataformak I 4.0ren intereseko joerak identifikatzen ditu, bai eta enpresek egiten dituzten proiektuak sustatu eta eta horien jarraipena egin ere.

Lidergo eta jarraipen hori bost lan-talderen bitartez egiten du, Euskadin Pilotaje Taldearen baitan dagoenarekin bat. Alemaniaren kasuan, hauek dira talde espezializatuak: estandarrak eta araudia; I+G; segurtasuna; lege-esparrua; eta lana eta prestakuntza.

Bileraren ondoren ondorioztatu denez, Euskadi aurrera doa Industria 4.0ren eskutik, eta aurrerapausoak ematen ari da norabide onean. Pausoak irmoak dira, baina eskala txikiagoan, gure herrialdearen tamaina dela eta. «Horrexegatik da ezinbestekoa herrialde eta plataformekin lankidetzan aritzeko sareak sortzea, elkar ulertzeko eta ahaleginak batzeko; hartara, Europako etorkizuneko industriaren abangoardian egon gaitezen», adierazi du Tapiak.

Alemaniak bezala, «Euskadik Industria 4.0ren fabrika hornitzaile bilakatu nahi du, eta egiteko modu berri honen bitartez lehiakortasuna irabazi», esan du amaitzeko.

 

Wolfgang Dorst (Bitkom) Euskadin izango da urriaren 14an

Bi bilera horiez gain, Euskadiko ordezkariek bazkari-bilera egin dute Wolfgang Dorstekin; alegia, BITKOMeko I 4.0 arloko zuzendariarekin. Wolfgang Dorst hizlari arituko da Basque Industry 4.0 ekitaldiaren II. edizioan, urriaren 14an, Bilboko Euskalduna Jauregian.

BITKOM Alemaniako elkarte digitalik handiena da, eta informazioaren, komunikazioen eta new mediaren teknologiak ordezkatzen dituzten sektoreko hainbat elkartek osatzen dute. 2.300 enpresa baino gehiagok; gaur egun industriara bideratutako konponbide teknologikoak garatzen dituzten ETEen ia erdiak.

Ordezkariek egiaztatu ahal izan dute zer rol jokatzen duten IKETen enpresek I 4.0n. Horren harira Dorst jaunak iragarri duenez, Fraunhofer IAOren orain dela gutxiko azterlan baten arabera, Alemaniako ekonomia % 1,7 haziko da urtean, aipatu IKETen arloetan.

Ildo horretatik, sailburuak gogorarazi du Euskadin agente asko daudela inplikatuta, baina bereziki garrantzitsua dela mota horretako enpresek makinei «adimena» ematea eta, horretarako, GAIA klusterra dugula. Kluster hori, bada, Euskadiko industriaren etorkizunerako aliatu handia izango da.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×