bizkaia:talent

Euskal industriak gora egin du indartsu, eta hazkuntza %5etik gorakoa izan da apirilean

Eustat – Euskal Estatistika Institutuak adierazi duenez, ia-ia Euskadiko sektore industrial handi guztiek hobetu dute euren ekoizpena

Euskal industria salmentetan aurreikusitako susperraldia hasi da igartzen, merkatu esportatzaile nagusiek gora egin dute-eta; esate baterako, Estatu espainola, Alemania, Frantzia eta Italia. Izan ere, euskal esportazioen herenak doaz herrialde horietara.

Hartara, Euskadiko ekoizpen industriala %5,4 igo da 2015eko apirilean, 2014ko hilabete bereko datuaren aldean. Hori dela eta, sektore industrialaren susperraldia egiaztatu da, eta, Confebask enpresarien erakundearen aurreikuspenen arabera, %3,5 haziko da ekitaldi honetan. Beraz, euskal hazkuntza ekonomikoko liderra izango da zerbitzuekin batera.

Bestetik, euskal jarduera industriala azkartu egin da urtearen hasieratik, apirilean %3 hazi delako martxoaren aldean, Eustat – Euskal Estatistika Institutuak emandako datuak kontuan hartuta.

Horrez gain, bultzada industriala beste lantegi-segmentu batzuetara ere ari da hedatzen, baina, batez ere, honako bi hauetara: makina-erreminta eta IKT (elektronika, informatika eta telekomunikazioak), eta oso lotura zuzena dute enpresen inbertsioarekin. Bestetik, inbertsioak ere nekez areagotu dira, Eusko Jaurlaritzako arduradunek enpresei susperraldiari onura atzeratzeko eskatu arren.

Makina-erremintaren sektorean, Makina Erremintako Ekoizleen Elkarteko patronalak adierazi berri duenez, aurtengo eskaerak %5 gehituko dira gutxienez, urtearen hasiera oso itxaropentsua izan ondoren, gehikuntzak %16koak izan direlako lehenengo lauhilekoan; eta salmentak %3koak, gutxienez.

Halaber, oso itxaropentsua ere bada Gaia Kluster Elkartean elkartutako elektronikako, informatikako eta telekomunikazioetako euskal sektorearen bilakaera, aurtengo fakturazioaren hazkuntza %6koa izango omen delako. Izan ere, salmentak %2,1 igo dira 2014an, bost urtetan beherantz egin ostean.

Bi sektore horiek ez ezik, oso bilakaera ona izan duten beste batzuk ere hartu behar dira kontuan: automobilgintza, aeronautika edo ontzigintza. Azken hori, gainera, bete-betean suspertu da, Europako Batzordeak aurreko taxlease-sistema geldiarazi zuenean Euskadiko ontzioletan sortutako arazoen ondoren.

Eustaten esanetan, 2015eko apirileko indizearen arabera, jarduera industrialaren bilakaera ona da sektore industrial handi guztientzat, iazko hilabete berekoaren aldean.

Alde horretatik, azpimarratu egin beharra dago kontsumo-ondasunak %6,5 igo direla kontsumo-ondasun iraunkorren gorakada nabariagatik, %22,5 gehitu dira-eta. Izan ere, iraunkorrak ez diren kontsumo-ondasunek ere gorantz egin duten arren, igoera hori motelagoa izan da (%1 ingurukoa).

Berriro ere, energiaren indizearen hazkuntza ona izan da, segmentu horretako ekoizpen industriala %11,1 hazi delako; ekipo-ondasunena, %10; eta bitarteko ondasunena, %1,7 (motelagoa izan da aurrekoen aldean).

EUSKAL INDUSTRIA

Egurgintza, papergintza eta arte grafikoak %13 igo dira; eta makinen zein ekipamenduen sektoreak, %10. Kautxuaren eta plastikoaren ekoizpena, ordea, jaitsi egin da, urte arteko beherakada %2,4koa izan delako; eta materialena nahiz ekipamendu elektrikoarena, %2,1ekoa.

Lurraldeka, apirilean Euskadiko Ekoizpen Industrialaren Indizearen bilakaera oso ona izan da Bizkaian, %8,5 hazi delako. Gipuzkoan, ordea, %5,5 igo da, baina Araban %0,1 jaitsi da.

Email This Page
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Unibertsitatea
×
×