Bizkaia Talent

Albisteak

National Geographic-ek Gasteiz sartu du 2021ean bidaiatzeko 25 helmuga onenen artean

  • Argitalpen amerikarrak euskal hiriburuaren kultur programazioa eta iraunkortasunaren aldeko apustua nabarmendu ditu

National Geographic aldizkari entzutetsuak 2021ean bidaiatzeko 25 toki onenen zerrenda egin du, eta horien artean dago Gasteiz. Best of the World 2021 izenburuarekin, eta Orain amesteko eta geroago bidaiatzeko 25 turismogune lelopean, euskal hiriburua aukeratu dute nazioarteko beste zenbait turismogunerekin batera, hala nola Dominika, Los Glaciares (Argentina), Columbia Britainiarra (Kanada) edo Guam uhartea. Horiek guztiak “etorkizuneko gure ibilbideak zehaztuko dituzten denboraz kanpoko leku” gisa definitu ditu argitalpenak berberak.

Nazioarte mailan aldizkariak dituen erredakzio batzuek eta besteek mundu osoko txokoak ebaluatu dituzte eta Gasteiz aukeratu dute Kultura & Historia atalean. Haien arabera, “urteak daramatza iraunkortasuna ulertzeko duen moduagatik nabarmentzen, baina baita hirigintza berdeari artelan asko gehitzeko eta hiriko metropoli handien mailako kultur programazioa eskaintzeko gai izan delako ere”.

Argitalpenak bereziki nabarmendu du hiriak “sortzen ari diren artistak eta artista gogoangarriak” jasotzen dituela Nazioarteko Jazzaldian. Halaber, National Geographic-en artikuluak nabarmentzen du hiriburuko parke eta lorategiei esker, bertako biztanleek “Espainiako beste edozein hiritan baino berdegune gehiago dutela bertako metro koadro kopurua aintzat hartuta” Horrekin lotuta, aldizkariak gogorarazi du “hiriko natura mantentzeko esfortzuei” eta “mugikortasun iraunkorraren aldeko apustuari” esker, Gasteizek 2012an Europako Hiriburu Berdearen titulua eskuratu zuela. Halaber, Mundu Mailako Hiri Berdea (Global Green City) izendatu zuten 2019an.

National Geographic-ek tradizioa mantentzeko biztanleek duten pasioa ere nabarmendu du, bereziki alde zaharrean, “Erdi Aroko artisauen gremioen izenak dituzten” kaleak baitituzte eta “bertakoek taberna eta jatetxeak gainezka betetzen dituzte” pintxo ezagunak dastatzeko. Gainera, adierazi dutenez, Gasteiz “gune bikaina da gertu dauden Arabako Errioxako mahastizaintzako eta ardogintzako lekuak eta Araba probintziako barnealdeko eremuak bisitatzeko”.

Hiriko leku enblematikoen artean, aldizkariak Santa Maria Katedralaren “dotorezia gotikoa” aipatu du. Horrez gain, Andre Mari Zuriaren Enparantza ere nabarmendu du, “abuztuko jai handien agertoki” gisa, Zeledon pertsonaia “hegan” jaisten denean, jaiei hasiera emateko.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×