Bizkaia Talent

Zergatik Euskadi

Euskadi zain duzu

Nortasunak

Euskal kirola, euskal ezaugarri bat

Ehunka urtetan, tradizioz, hainbat kirol-modalitate praktikatu da euskal lurralde guztietan; kirol horien jatorria landa-ingurunean aurkitzen da eta gaur egun euskal kirolak edo euskal herri-kirolak izenekin ezagutzen dira. Kirol eta jolas gisa, horien guztien muinean erronka eta apustua daude.

Euskal pilota

Kirol hau Euskadiko errotuenetako eta zaharrenetako bat da.Mendeetan zehar eboluzionatuz joan da, arauak eta instalazioak hobetuz, guztietan unibertsalena bihurtu arte, Euskal Pilotaren Munduko Federazioa daukalarik. Horretarako, lagungarria izan zen euskaldun askoren emigrazioa; euskaldunok haien tradizio eta ohiturak eraman zituzten, baita pilota ere.

Joko horrek aldaera ugari izan ditu, jokatzen den tokiaren eta erabiltzen diren tresnen arabera katalogatzen direnak. Aurreko horma bakarreko frontoietan joka daiteke edo aurreko eta ezkerreko alboko hormadun frontoietan. Frontoiak laburrak (35 metroko luzera artekoak), ertainak (45 metrora artekoak) edo luzeak (60 m.) izan daitezke.

Pilota kolpekatzeko eskua, pala, larruzko eskularrua, sarea edo xistera erabil daiteke. Bi modalitate ezagunenak eta ikusgarrienak esku-pilota eta zesta punta edo Jai Alai dira. Lehenengoa jotzen da euskal pilotaren jokotzat beste guztien gainetik eta bigarrena da guztien artean nazioartekoena, mundu osoan jokatzen dena. Zesta punta edo Jai Alai kirola da pilotak jokoan abiadurarik handiena hartzen duen munduko kirola, 300 km/h baino gehiago. Kirol hau bereziki gogorra da, larruzko pilota esku irekiarekin kolpatzen baita. Hiru modalitatetan joka daiteke: Plaza librean, trinketean eta frontoi laburrean; buruz buru edo bikoteka. Euskal pilotak zirkuitu profesionala dauka, zale ugari eta oihartzun mediatiko handia.


Aizkora

Aizkolarien (enbor moztaileak) txapelketak euskal kirolen modalitate ezagunenetako bat dira. Aizkolarien kirol proben jatorria egur ikatza egiteko egurra erabiltzen zuten ikazkinek basoetan egiten zuten eguneroko lanean eta eraikuntzarako material gisa egurra mozten zuten egurgileen lanean aurkitzen da; baita enbor bat azkarrago zeinek botatzen zuen ikusteko egiten zituzten apustuetan ere.

Aizkoran, edo aizkorarekin enborrak mozteko kirolean, bi aldaera daude. Ohikoena da enbor kopuru jakin bat ahalik eta azkarren zeinek moztu; enborrak, oro har, horizontalean jarrita egoten dira, langadun egurrezko euskarrien gainean. Beste proba motak enborrari emandako kolpe kopurua neurtzen du; kontua da enborra ahalik eta aizkorakada gutxienarekin moztea.

aizkolari-

Harrijasotze

Norgehiagoka honetan, bi kirolari, bi harri-jasotzaile, lehiatzen dira, forma, tamaina eta pisu zehatz ezberdinetako harriak gehiagotan zeinek jaso. Batak bestearen ondoren jasotzen dituzte harriak, inoiz ere ez aldi berean.

Beste modalitate bat banakako erronkak dira. Erronka motaren arabera, helburua izan daiteke harri bat ahalik eta gehienetan jasotzea, edo ahalik eta pisu handiena daukan harria jasotzea. Harri-jasotzaile onenek 300 kilotik gorako harriak altxatzen dituzte.

harrijasotzaile

Kirolaren jatorriari buruz ezer gutxi dakigu. Ziurrenik, mendietako edo ibaietako harriak altxatzeak emango zien euskaldunei haien indarrak neurtzeko aukera. Orokorrean, herrietako erromerietan jokatzen dira norgehiagokak, gazteak indartsuena nor zen erakusteko lehiatzen zirenean.

Denboraren poderioz, desafio horiek txapelketa ofizialak ekarriko zituzten eta, gaur egun, erakustaldiak ere egiten dira jaietan edo azoketan. XX. mendean, harriek lau forma geometriko hartu zituzten eta horiexek erabiltzen dira gaur egun ere: zilindroa, kuboa, esfera eta laukizuzena. Forma zilindrikoa 100 eta 125 kilo arteko pisuetarako erabiltzen da; harri kubiko eta laukizuzenak, 125 eta 325 kilo artekoentzako. Eta harri esferikoak 112 eta 125 kilo arteko pisua izaten du.


Sokatira

Sokatiran, soka bati helduta dauden bi talde aurkariak, arrastaka, euren aldera eramaten saiatzen dira. Zortzi lagunek osatzen dute talde bakoitza eta botilero batek zuzentzen du bere jokalarien esfortzua.

Talde bakoitzak sokatik tira egin behar du esku biekin helduta eta, orokorrean, bi metroko zabalera daukan kalearen barruan; kaletik irteten dena deskalifikatu egiten da. Arraste-zona bi metro eta erdikoa da eta lurrean eta sokan seinaleztatuta dago, eskuarki, sokaren justu erdian korapilatutako zinta gorri batekin.

Desafioak bi tiralditan egiten dira, taldeak aldez aldatzen direlarik.Horrela, aukerak berdintzea bilatzen da, lurzoruaren, inklinazioaren eta abarren irregulartasunengatik sor daitezkeen abantailak saihesteko.Berdinketa gertatzen bada, aurkako taldea arrastatzeko denbora gutxien behar izan duen taldea izango da irabazlea.

Sokatira1

Arrauna – Traineruen estropadak

Kasu honetan, arrantza-jardueratik sortzen den kirola da. Arrantzaleak arrantzatutakoa saltzera kaira lehenengo iristeko lehiatzen ziren.  Portuzailetan, belaontzi handiak atoian portu barrura eramateko lana eta soldatarik onena lortzeko ere lehiatzen ziren.

Ontziak eboluzionatuz joan dira urteetan zehar. Hasieran, arrantzarako erabiltzen ziren egurrezko traineru berberak erabiltzen ziren estropadetarako; gaur egun, baina, arraunerako kirol-ontzia da, banku finkoduna eta, pisuari eta dimentsioei dagokienez, araudi zorrotza betetzen duena.

13 arraunlarik eta patroiak osatzen dute tripulazioa; patroia zutik joaten da popan, brankara begira, eta timoiarekin ontzia zuzentzen du.

Estropadarik ezagunenak Donostiako Kontxakoak dira; iraileko lehenengo bi igandetan antolatzen dira, 1879. urtetik. Jasota dagoenaren arabera, Bizkaiko Mundaka eta Bermeo herriek haietatik gertu dagoen Izaro uhartearen jabetzagatik jokatu zutena izan zen lehendabiziko norgehiagoka; Bermeok irabazi zuen.

S

Traineruen estropaden liga profesional bat dago, uztailean, abuztuan eta irailean jokatzen dena.

Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Unibertsitatea
×
×