Bizkaia Talent

Zergatik Euskadi

Euskadi zain duzu

Nortasuna

Ría Nervión a su paso por el ayuntamiento

Itsasadarra, Bizkaiko ardatz ukaezina eta hiri-birsorkuntzaren mundu-mailako adibidea

Basauri herrian, Nerbioi eta Ibaizabal ibaiak batzen dira, eta Bilboko Abusu auzoaren parean Nerbioiko itsasadar bihurtzen den estuarioa osatzen dute. Ibaiak Bilbo Handia bezala ezagutzen den zona zeharkatzen du Abrara iritsi arte; han, bokalea zabaldu eta urak itsasoarekin batzen dira.

Itsasadarra eskualde horren bizkarrezurra izan da eta da. Bilbo Handia historikoki oso ezberdinak diren bi barrutitan banatzen duen muga naturala: ezkerraldea, historikoki zona langilea eta proletarioena, portuan, meatzaritzan eta industrian aritua; eta eskuinaldea, historian zehar gune kapitalista, bizitoki izaera handiagokoa.

Itsasadarra Bizkaiko Lurralde Historikoaren arima da. Bi aldeetan aurkitzen dira gune garrantzitsu eta biztanletsuenak. Erribera eta alboetako hirietako garapenaren motorea eta ardatza izan da, 1300. urtean Bilbo ibaiertzean sortu zenetik, gune komertzial eta marinel gune txiki gisa.

Beranduago, mendeetan zehar, metropolia hazten eta hedatzen joan zen, itsasadarraren bi aldeetan, itsasora iritsi arte. Hasiera batean, ur-bazterrak landak, hondartzak, padurak eta larreak ziren. Urak zelaiak, baratzak, fruta-arbolak eta baso aberatsak ureztatzeko erabiltzen zituzten. XVIII. mendean, Bilboko itsasadarra Bizkaiko ibar produktiboena eta ondoen landatuena  izatera iritsi zen, lurrak emankorrak izateaz gain, urak kalitate bikainekoak baitziren, eta arrantza ere ugaria baitzen.

Garapen ekonomikoa

Aberastasun natural horren ondorioz, berehala sortu ziren itsasadarraren mendeko biztanleria-guneak, baina lehenik merkataritzari eta gero industriari esker, Bilbo Handiak aurrera egin zuen. Dena den, horretarako, itsasadarrean obrak eta aldaketak egin behar izan ziren, harik eta aprobetxamendu onena lortu arte ibaiaren komunikabide gisa. Horrela, itsas merkataritzaren birika eta industria-sektorearen kokaleku aproposa izatera iritsi zen.

Nerbioi itsasadarrean atzera egitearekin Bizkaiko industria-iraganaren bihotzerako bidaia hasten da; izan ere, urak Erdi Aroaz geroztik egindako jarduera ezberdinen eskenatoki izan dira eta, XIX. mendearen erdi aldetik aurrera, XX. mendean zehar lurralde honetan garapen ekonomiko paregabearen protagonista izan diren enpresen egoitza.

Inbertsiogileak, armadoreak, ontzi-jabeak, merkatariak eta bankariak bi aldeetan ugaritzen hasi zirenean hasi zen guztia. 1841. urtean, Santa Ana de Bolueta sortu zuten; hau da, Bizkaiko lehen Sozietate Anonimoa, burdinola zaharrak labe altu bilakatu zituena, ondoren itsasadarrean kokatuko zen jarduera metalurgiko oso azkarraren ataria.

Santa Anaren ondoren, era guztietako enpresa askok itsasadarrean aurkitu zuten haien jardueretarako lorbide onena, aukera eskaintzen baitzuen distantzia handiko garraioaz arduratzen ziren itsasontzi handiak itsasertzean ainguratzeko, lantegien ondoan.

1882. urtean, Nuestra Señora del Carmen labea, Barakaldo-basamortuan zegoena, sozietate anonimo bilakatu zen, eta Altos Hornos y Fábrica de Hierro y Acero de Bilbao izena hartu zuen; era horretan, ezkerraldea kolonizatzen hasi zen. Barakaldon, honako hauek kokatu ziren: Orconera Iron Ore, Luchana Mining, Ercros, la Burceñako Zentral Termikoa… AHV, Babcock & Wilcox. Sestaon, berriz, Espainiako Ontziolak kokatu ziren, Naval bezala ezagunak.

Lurralde historikoko siderurgiak industria-jarduera handiena lortu zuen. Deustutik Areetara bitarte enpresa txiki eta ertainak instalatu ziren, Erandioko bazterrak hartzearekin batera. Saltzaileak batzuk zein besteak, tren-konpainiak arduratzen ziren minerala fabrikara eramateaz eta egindako produktua itsasadarrera garraiatzeaz, banatze aldera.

70eko hamarkada

Baina gorantz egindako industria-iragana erabat aldatu zen 70eko hamarkadako krisiaren ondoren. Bilboko jarduera ekonomikoa meatzaritza, manufaktura, portua eta metalurgia arloko industrietan oinarritzen zen, eta burrunban erori zen, ekonomia, ingurumena eta Bilboko hiri-paisaiarentzat ondorio negatibo handiak sortzearekin batera.

Industriak eta azpiegiturak uztearekin eremu degradatu eta okupatu gabeko eremu ugari sortu ziren. Jarduera industrial frenetikoak eta garai hartako ingurumen-arloko kontzientziazio eskasak itsasadarraren eta haren adarren kutsadura kezkagarria eragin zuten.

Ría de Bilbao en los años 70

Azkenik, itsasadarrak bere egoera naturala berreskuratzeak zuen garrantziaz jabetu ziren agintariak, eta Bilbon ingurumen-arloan berreskuratu beharreko lehen helburu bilakatu zen. 70. hamarkadaren amaiera aldera, Bilboko Ur Kontsortzioak Itsasadarraren Saneamendurako Plan Integrala egin zuen, eta 80. hamarkadan gauzatzen hasi zen; gaur egun, ia amaituta aurkitzen da.

Berreskuratzea

Itsasadarra saneatzearekin batera, aldaketa hasi zen, gaur egungo Bilboren oinarriak finkatzen hasteaz gain. Aldaketa ikusgarria izan da. Bilbo Handiaren itxura nabarmen aldatu da. Erriberak joera arkitektoniko berritzaileenen arabera berreskuratu eta berritu dira. Instalazio eta azpiegitura industrial zaharrak desagertu egin dira, beste batzuk berreskuratu eta kontserbatzearekin batera: ontziralekuak, kaiak, minerala kargatzeko tokiak,… Azken horiek produktibitate handiko iragana gogorarazten dute.

Itsasadarra hiriarentzat berreskuratu da, eta bertan biltzen dira Bilbo hiriko erakargarri turistiko nagusiak: Euskalduna Jauregia, Guggenheim Museoa, Uribitarte pasealekua edo Abandoibarrako parke berriak, besteak beste.

Ría a su paso por el puente Calatrava

Kirolak

Gainera, uren garbitasuna berreskuratuta, uretan kirola praktikatzeko aukera sortu da.  2013ko udan, kirol-probetan 10.000 erabiltzailetik gora bildu ziren, Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak bildutako datuen arabera. Itsasadarrean honako kirol hauek egin daitezke: bela arina, piraguismoa, paddle surfa edo arrauna.

Horiekin batera, Nerbioi ibaian kirol-saio ugari egiten dira; hala nola, Bilbao World SUP Challenge, proba puntuagarria Waterman Leagueko munduko serien zirkuituan (Surfa, Windsurfa, Kite-surfa, Stand Up Paddel eta Longboard), Bilbao-Tecuni Gaueko Estropada (traineruek lehen aldiz hartu zuten parte gaueko lehiaketa batean) edo Nerbioiko Ibaia Nazioarteko Ibilbidea eta Nerbioiko Ibaia Nazioarteko Jaitsiera. Azken bi gertaera piraguista  horiek arrakasta handia izan zuten deialdiaren eta publikoaren aldetik, eta Getxotik Bilbora bitarteko udalerri guztiak igarotzen dira.

Piragüistas en la Ría del Nervión

Eta azken hamarkadan uraren kalitatea berreskuratzeko egindako ahaleginak zenbaterainokoak izan diren egiaztatzeko, Bilbao Triathlon egiten da; hots, ehunka atleta igerian ibiltzen dira itsasadarrean.

Halaber, itsasadarra izan da beste kirol-saio handi baten eskenatoki nagusia; izan ere, Red Bull Cliff Diving 2014 muturreko jauzien lehiaketa Bizkaiko hiriburuan egin zen pasa den irailean. Hitzordu horretan 50.000 ikusletik gora bildu ziren munduko klabadista onenak La Salveko Zubitik itsasadarrera jauzten ikusteko. Deialdiak arrakasta handia izan zuenez, 2015eko irailaren 26an, Bilboko itsasadarrean berriro egingo da final handia eta munduko serien historiako 50. geraldia.

Campeonato de clavadistas

Eszena horiek duela urte asko pentsaezinak baziren ere, hiriko espazio naturala berreskuratzeko prozesuan iragana eta geroa markatzen dute. Espazio hori erreferentzia-puntu nagusia izatera iritsi da aisiaren eta turismoaren aldetik.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×