Bizkaia Talent

Albisteak

Euskadik munduko giza garapenaren indize handienetakoa lortu duenez

Euskadik bi postu egin ditu aurrera Giza Garapenaren munduko sailkapenean, eta bosgarren posizioan dago egoera ekonomikotik harago pertsonen ongizatearen eta aurrerakuntzaren faktoreak neurtzen dituen adierazlean.

Hartara, Giza Garapenaren Indizearen arabera (IDH), Euskadi (0,915 puntu) planetako lehenengo postuetan dago, honako hauexen atzetik baino ez: Norvegia, Australia, Suitza, Danimarka, Herbehereak, Alemania eta Irlanda.

Indize hori Nazio Batuen Erakundeak giza garapenaren inguruan egindako adierazle garrantzitsua da, eta, erabili ohi direnen eta herrialdeko datu ekonomikoak neurtzen dituztenen aldean, osasuna, hezkuntza eta diru-sarrerak ere baditu aztergai. Nazio Batuen Garapen Programak (PNUD) 2014ko datuetan oinarrituta argitaratutako azken txostenean, bertako bizi-baldintzen arabera antolatutako 188 estaturen munduko sailkapena azaltzen da.

Azterlanaren arabera, herrialde bakoitzak bere IDH dauka (0-1eko eskalan), honako faktore hauek kontuan hartuta: jaiotzan izandako bizi-itxaropena, eskola-adinean dauden umeentzat aurreikusitako eskolaratze-urteak, 25 urteko edo hortik gorako helduen batez besteko eskolaratze-urteak eta per capita errenta nazional gordina.

Euskal Estatistika Erakundeak (EUSTAT) Euskadiko IDH kalkulatu du 2010-2014ko epealdirako, eta, horretarako, PNUDeko metodologia erabili du. 0,915eko puntuazioa lortu duenez, Estatu Batuetakoa bezalakoa da, eta Euskadiko lehenengo postuetan dago Oso Giza Garapen Handiko herrialdeen taldean. Horrez gain, 2010etik 2014ra, Euskadi hamargarren postutik zortzigarrenera igo denez, Erresuma Batuaren eta Zeelanda Berriaren aurretik jarri da.

Euskadiren kalifikazioa eta IDHko zerrendan daukan postua Estatu espainolekoak baino handiagoak dira. Izan ere, Espainiako indizea 0,876koa denez, 26. postuan dago Esloveniaren atzetik.

EUSTATeko datuen arabera, 2010etik 2014ra, Euskadin osasunarekin eta hezkuntzarekin lotutako faktoreek egin dute hobera, eta bizi-itxaropena 82,6 urtetik 83,4 urtera igo da. Hori dela eta, Hong Kong (84,0 urte) eta Japonia (83,5 urte) baino ez ditu aurretik. Eskolaratzeko aurreikusitako urteak ere 18,1etik 18,8ra igo direnez, honako hauexen atzetik baino ez gaude: Australia (20,2 urte), Zeelanda Berria (19,2 urte) eta Islandia (19 urte).

PNUDek 2015ean IDHri buruz egindako nazioarteko txostena EUSTATen azterlanaren oinarria da, eta, bertan, lanaren faktorea da aztergai nagusia. Txosten horretan, hain zuzen ere, “azken mende laurdenean giza garapenaren arloan lortu diren aurrerapen paregabeak” nabarmentzen dira. “Gaur egun”, PNUDek adierazi duenez, “biztanleak luzaroago bizi dira, ume gehiago doaz eskolara eta jende gehiagok dauka ur garbia eta oinarrizko saneamendu-sistema eskuratzeko aukera”.

Per capita diru-sarrerak gehitu egin dira munduan, eta txirotasunak behera egin du. Horren ondorioz, bizi-mailak hobera egin du biztanle askorentzat. Iraultza digitalak zenbait gizarte eta herrialdetako jendea jarri du harremanetan. Lanak zeresan handia izan du aurrerapen horretan, giza gaitasunak garatu direlako. Lan duinari esker, jendea duindu egin da, eta gizartean bete-betean parte hartzeko aukera ere izan du”.

Human Development Index (HDI) 2014

ITURRIA: Eustat

Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Unibertsitatea
×
×