Bizkaia Talent

Albisteak

Bizkaia Talentek lurraldeko enpresen talentu-estrategia indartzeko ‘Talent Strategy’ programa aurkeztu du

  • Bizkaiko hogeita hamar enpresa inguruk hartuko dute parte programaren lehen edizioan.

BAT – B Accelerator Tower eraikinean aurkeztu zen, joan den urtarrilaren 22an, ‘Talent Strategy’, Bizkaiko enpresek beren talentu-estrategia egungo eta etorkizuneko erronketara egokituta diseinatu eta lerrokatu ahal izateko gaikuntza-programa.

Prestakuntza-ekintza programa honen barruan, parte-hartzaileek diagnostiko kuantitatibo eta kualitatibotik ekintza-planera bitarteko bidea egingo dute, hainbat gai-arlotako adituen eta berariazko lantalde tekniko baten laguntzarekin. ‘Talent Strategy’ bi ibilbidetan banatuta dago: batetik, “DISEINATU”, hastapen-mailan dauden eta talentua erakartzeko eta atxikitzeko estrategia kontziente eta koherentea diseinatu nahi duten enpresei begirakoa; bestetik, “LERROKATU”, maila aurreratua duten eta, talentua erakartzen eta fidelizatzen jarraitzeko, beren balio-proposamena berrikusi behar duten enpresentzat. Aipatu beharra dago ibilbide bietan giza baliabideen alorreko pertsonek ez ezik, negozioen, marketinaren/komunikazioaren esparrukoek ere parte hartuko dutela, estrategia elkarrekin garatuko baitute enpresa barruan.

Ekitaldiari hasiera emateko, Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko Diputatuak, enpresek talentuaren eremuan gaur egun dituzten erronkei heltzeko beharra azpimarratu eta programaren testuingurua azaldu zuen: Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Talentuaren aldeko Konpromisoa’ estrategia.

Ondoren, Bizkaia Talenten Koordinatzaile Nagusi Leire Lagunillak programaren xedea zehaztu zuen: erakunde parte-hartzaile bakoitzari bere talentu-estrategian eta posizionamenduaren hobekuntzan aurrera egiten laguntzea, Bizkaiko enpresa-sarea indartzen lagunduko duen komunitate sendoa eraikitzeaz gain.

Jaime Borregok, Sener Mobility-ko Ingeniaritza-zuzendariak, eta Begoña Grijalvok, Sener-eko Hautaketa Korporatiboko Arduradunak, hots, lurraldean erreferentea eta programako partaideetako bat den erakunde horretakoak, enpresek egun dituzten erronkak eta aukerak azaldu zituzten, bai eta Senerren ikuspegia ere talentu-estrategia bat diseinatzearen eta lerrokatzearen garrantziaren gainean, gure enpresa- eta industria-ekosistemaren iraunkortasuna ziurtatzeko modu gisa.

Ponentzia nagusian, Jordi Alemany hizlari eta idazle ezagunak erakundeak humanizatzeko beharrari buruzko bere ikuspegia partekatu zuen, talentua erakartzeko, garatzeko eta fidelizatzeko oinarri gisa. Alemanyk nabarmendu zuenez, oso garrantzitsua da enpresek lankidetza sustatuko duten segurtasun psikologikoko inguruneak eskaintzea eta, beraz, talentua loratzeko hain beharrezkoa den konfiantza hori sortzea.

Programa aurkezteko ekitaldian, lehen edizioan parte hartuko duten erakunde gehienak izan ziren, hala nola Alterity, Arteche, CAF, Fineco, Generali Seguros, Gorlan, Grupo Eulen, Inetum, Ingeteam, Leartiker, Liftra, P4Q Electronics, RDT Ingenieros, Roxall, Seidor, Sener, Sidenor, Talio eta Zunibal.

Talentuaren aldeko Konpromisoa
Talentuaren aldeko Konpromisoa Bizkaiko Foru Aldundia, hogeita hamar bat erakunde publiko eta pribaturekin batera, 2022tik bideratzen ari den ekimena da, enpresek eskatzen dituzten STEM gaitasunen eta lurraldeko pertsona gaituen eskaintzaren artean dagoen hutsunea murrizteko.

IKUS ARGAZKI GALERIA HEMEN

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×