bizkaia:talent

Bilbo, Europako Talentuaren Egoitza

Abenduaren 13an eta 14an, Bilbo Europako talentuaren egoitza izango da, European Cities Talent Competitiviness Index Conference 2016 (ECTCI) egingo delako bertan, Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoan, hain zuzen ere.

Bizkaia talentek Tendensor Internationalekin antolatu du konferentzia hau. Aholkularitza-enpresa estrategikoa da, eta hiri, eskualde edo klusterren marka-irudia eta erakarpenerako zein berrikuntzarako duten ahalmena kudeatzen ditu. 2003. urteaz geroztik, batez ere herrialde nordikoetan lan egiten duen Tendensor Internationalek eskualde, hiri eta enpresa-taldeentzako hainbat proiektu zuzendu ditu place brandingaren arloan.

Ekitaldi horretan, nazioarteari erakutsiko zaizkio Kopenhagen, Berlinen, Gotenburgon eta beste hiri batzuetan abian jarritako zenbait ekintza eta politika, talentua erakartzeko gaitasuna hobetu ahal izateko. Era berean, aipatutako indizearen aurkezpena ere egingo da.

Indize hori Bizkaiko Foru Aldundiak bizkaia talent Talentua Erakartzeko, Berton Geratzeko eta Inplikatzeko Elkartearen bidez eta Bruno Lanvinen taldearen laguntzaz mundu-mailan bultzatutako proiektu eredugarri aitzindariaren emaitza da. Bruno Lanvin INSEADeko Indize Globaletako zuzendari eragilea da, Global Innovation Index edo Global Talent Competitiveness Index – GTCI, esaterako, eta, bere lan-ibilbidean, NBEn eta Munduko Bankuan lan egin du, besteak beste. Irakasleak, gainera, euskal inguruneko hainbat eragileren laguntza eskerga ere jaso du lan hori garatzeko orduan.

Indizeak talentuaren aldeko lehiakortasunaren tokiko indizearen oinarriak ezarri nahi ditu, metodologia sendoa eta sailkapen irakurterrazak kontuan hartuta. Horrela, lehentasun estrategiko gutxi batzuk egituratu ahal izango dira, haien bidez Bilbok, Bizkaiak eta Euskadik talentuaren aldeko lehiakortasuna suspertzeko aukera izan dezaten.

Txostena Global Talent Competitiveness Indexen (GTCI) zehaztutako metodologian dago oinarrituta, eta indize hori munduko erreferentzia da herrialdeek talentuaren erakarpenerako duten gaitasuna erkatzeko orduan. Proiektua 2015. urtearen amaieran jarri zen abian, eta European Cities Talent Competitiveness Indexen (ECTCI) azaldu da emaitza.

Lanvin irakaslearen hitzaldia ez ezik, nazioarteko ekitaldiko parte-hartzaileek Burkhad Voldbracht, Niklas Delersjö eta Morten King-Gruberten jakintzak eta esperientziak ere entzun eta ezagutu ahal izango dituzte zuzenean. Guzti-guztiak talentua lurralde-ikuspegitik kudeatzen duten erakunde europar berritzaileenetako ordezkariak dira, eta bat datoz ECTCIko sailkapenean posizio onenean dauden hiriekin, hau da, Berlin Partner, Global Talent Gothenburg eta Copenhagen Capacity.

Bizkaia talenteko zuzendari gerentea den Ivan Jimenezek gogoratu duenez, “herritarren oparotasunaren eta ongizatearen hobekuntzaz hitz egiten dugunean, oro har, tokiko gobernuen zeregina da ekosistema egokia lortzeko moduko ekimen politiko egokienak ezartzen saiatzea”.

Izan ere, ELGAk 2014an egindako zenbatespenen arabera, tokiko edo eskualdeko agintariek gastu publiko osoaren %40 inguru eta ELGAko eremuko inbertsio publikoaren %60 dute ardurapean.

Hori, gainera, ezin hobeto ezarri daiteke talentuarentzako leku erakargarria izateko abian jarri beharreko politiketan, oso urte gutxiren ostean lehia hori estatu-mailan barik metropolialde edota eskualdeen artean ematen dela kontuan hartuta.

TALENTUAREN ALDEKO LEHIAKORTASUNAREN INDIZEA HIRIETAN

Hiriak eta eskualdeak talentuagatik lehiatzen dira, baina, horrez gain, sarritan, talentua garatzeko, erakartzeko eta bertan geratzeko modu berriak zehazten dituzten liderrak ere badira. Hiriak eta eskualdeak lehiakorrak bezain nabariak dira mundu-mailan tokiko edota eskualdeko ikuspegitik, kanpoko jakintza erakartzen dute eta eurentzako zeregin nahiz aukera berriak ere identifikatzen dituzte ekonomia globalean.

ECTCI indizeari esker, Bilbok, Bizkaiak eta Euskadik euren indarrak eta ahuleziak neurtu ahal izango dituzte, eta hurrengo urteetan ondo baino hobeto prestatutako langileen urritasunagatik eta mugikortasunagatik sortuko diren erronkei zein premiei aurre hartuko diete. “Horren guztiorren adierazgarri, maila globalean talentu onena erakartzeko eta berton geratzeko lehiarako gaitasunak egingo du hobera, hurrengo hamarkadetan ekonomia aurreratuek gainditu beharreko erronka handietakoa izango dela kontuan hartuta”, azpimarratu du Jimenezek.

Sailkapenean posizio onena duten hirien artean, Kopenhage eta Gotenburgo nabarmendu behar dira. Hiri biak, gainera, konferentziako bi hizlariren jaioterriak dira, baita ikasbide egokiak eta jarduera ugariren sortzaileak ere.

Modu berean, Jimenezen esanetan, hiri handietan eta metropolialdeetan abantaila eztabaidaezinak badaude ere, “hiri ertainak malguagoak direnez, erreferentziatzat hartzeko moduko jarduerak eta estrategiak garatzen ari dira, eta eragile sozialen arteko lankidetzarako ekosistema sustatzen dute planak eta jarduketak garatzeko orduan”.

Topaketa honetan, “parte-hartzaileek jakin egin ahal izango dute Bilbo bera zer posiziotan dagoen EBko eskualdeen antzeko atalaren ordezkariak diren 27 hirien sailkapenean”, aurreratu du bizkaia talenteko zuzendari gerenteak.

Azterlana bera modu zehatz eta sakonagoan aurkeztu eta aztertuko da abenduaren 14an, asteazkena, “Talentuak eta globalizazioa: Bizkairako aukerak eta erronkak” lelopean.

Halaber, azterlan horren bitartez, Bilbo, Bizkaia eta Euskadiko indar eta ahulezia nagusiak ere jarriko dira agerian, talentuaren aldeko lehiakortasunaren dimentsioak kontuan hartuta, baita esparru publiko, pribatu eta akademikoko eragileek epe laburrean eta ertainean aintzat eduki beharreko ekintza-puntu bereziak ere.

HIZLARIAK

Bruno Lavin irakaslea ez ezik, bizkaia talenteko zuzendari gerentea Ivan Jimenez ere izango da hitzaldiko hizlarietakoa.

Hizlarien artean, Berlin Partnerreko Talentuaren Zerbitzuetako Unitateko burua den Burkhard Volbracht ere badago, eta ia-ia hamarkada bat darama erakunde horretan talentuaren erakarpenarekin lotutako gaietan lan egiten. Era berean, Global Talent Gothemburgeko Proiektuetako burua den Niklas Delersjö ere izango da beste hizlari bat, eta zenbait urtetako esperientzia dauka eskualdeko garapen-proiektuetan, baita era guztietako eragileekin egindako lankidetzetan ere. 2015ean, unibertsitateek, enpresek eta agintari publikoek osatutako plataforma antolatzea lortu zuen, eskualdeko talentua erakartzeko eta bertan geratzeko estrategiak garatu nahian.

Halaber, Tendensor International Copenhageneko aholkulari seniorra den Morten King-Grubertek ere parte hartuko du hitzaldian. “Innovating Talent Attraction” liburuaren autoreetakoa da, eta, zazpi urtean, Copenhagen Capacityko talentua erakartzeko eta bertan geratzeko egindako ahaleginen atzean egon diren arkitekto nagusietakoa izan da.

Moderatzailea, ordea, Pärtel-Peeter Pere izango da. Tendensor Internationaleko CEOk urteak daramatza herrialde nordikoetako eta nazioarteko talentua erakartzen, eta City Nation Place konferentziako epaimahaikidea ere izan da.

pdf-logo

 

 

Deskargatu programa HEMEN 

 

Email This Page
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola IK4 Mondragon Unibertsitatea
×
×