Bizkaia Talent

Zergatik Euskadi

Euskadi zain duzu

Nortasuna

Deiadar-mendiak, iraganera deia

Deiadar-mendi gisa ezagutzen dira Bizkaiko bost mendi-tontor. Antzina, adar-soinuaz baliatzen ziren Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusiak ospatzera zihoazela bertako jendeei soinu- eta argi-seinaleen bitartez iragartzeko. Mendi-tontor horiek, Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Oiz eta Sollube mendiei dagozkienak, lurralde historiko osoan zehar ikus zitezkeen eta horietako bakoitza Bizkaiko Jaurerriko merindade bakoitzean zegoen.

Adarra erabiliz abisua ematen zuen lehenengo mendia Gorbeia zen eta, ondoren, beste mendiek beren tontorretatik erantzuten zuten. Inguruko herrietako herritarrek parte-hartzeko deia jasotzen zutenean, jakin bazekiten hurrengo ilargi-aldaketan Batzar Nagusiak ospatuko zirela.

Tradizioaren jatorria

Tradizio honen jatorria ezagutzeko, mende batzuk atzera egin behar da, Erdi Arora; garai hartan, Batzar Nagusiak Gernikako Batzar Etxean ospatzen ziren. Batzar horrek Bizkaiko euskal lurralde historikoan ahalmen araugilea zuen eta, batez ere, zeregin legegileak zituen, non, legeak ohituretan oinarritzen ziren.

Garai hartako bizimoduak baldintzaturik (herriak sakabanatuta zeuden), deiadar-mendiak sortu ziren, herritarrak Batzar Nagusien hasieraz ohartarazteko erabiltzen zen abisatzeko metodo eraginkorra.

Tradizio hori desagertuz joan zen eta, horren ordez, Batzar Nagusiak ermitetako kanpaien bidez deitzen hasi ziren. Gerora, herritarren ordezkari gisa prokuradoreak hautatuta eta deialdien berri idatzizko testuen bitartez ematen hasi zirenean, komunikatzeko bide hori pixkanaka galduz joan zen, XVII. mendean deiadar-mendien sistema ordezkatua zen izan zen arte; horrela,behin betirako galdu zen.

2004an, Bizkaiko Batzar Nagusiak berrezarri zireneko 25. urteurrena zela eta, abisua bost deiadar-mendietatik emateko tradizioa berreskuratu zen. Txandaka, tradizioa urtero mendi-tontor desberdin batetik berreskuratzen da, “deiadar-mendien eguna” deitua ospatuz, mendizaletasuna eta, oro har, euskal ohiturak, gogoko dituztenak biltzen dituen gertaera.

Mendi-tontor garrantzitsuenak

Bizkaiko Lurralde Historikoan zehar, modu estrategikoan banatuta, daude bost deiadar-mendiak. Lehenengoa, Kolitza mendia, 879 metro dituena eta Enkarterrien eskualdearen mendebaldean dagoena. Lurraldearen erdigunean, Ganekogorta mendia dago, 998 metrokoa, Alonsotegiko udal-mugartean, Bilbotik oso hurbil. Hegoaldean, Gorbeia mendia dago, 1.482 metrokoa, Arratia-Nerbioi gainean. Ekialdean, Durangaldea, Lea Artibai eta Urdaibairen gainean, Oiz mendia dago, 1.026 metrokoa. Era, azkenik, iparraldean, Sollube mendia, 686 metrokoa, Bermeo, Urdaibai eta Txorierriren gainean.

Kolitza, Enkarterrietan

Enkarterrietako lurraldearen baitan bost deiadar-mendietako bat izateko Kolitza hautatu zen. Mendia Ordunte mendizerran dago eta 879 metroko garaiera du. Balmasedako udalerriari gailentzen zaion moko-itxurako gailur berezia Kolitzako sakanaren gainean altxatzen da, Aguera ibaiaren goi-ibarreko horma osatzen duen amildegi handiarekin.

Gailurrean San Sebastian eta San Roke ermita dago, lurralde historiko horretan dagoen ermita erromantiko bakarretakoa eta Bizkaia osoko ezagunenetakoa.

Kolitza_mendia

Ganekogorta, Bilbotik hurbilen dagoena

Ganekogorta Bilbo inguruan kokaturiko mendi nagusia da eta hiritik hurbil dauden mendien artean garaienetakoa, 998 metroko garaierarekin. Bere izenak euskaraz “goiko korta” esan nahi du. Euskal mendizaletasuna XIX. mende amaieran jaiotzen ikusi zuen mendia da eta, baita, mendizaleen lehenengo elkartea 1870ean eratzen ikusi zuena ere.

Gailurrean, ondo berezitutako hiru tontor ditu, Biberdi (871 metrokoa), erdiko tontorra, Ganekogorta, eta Galarraga (901 metrokoa). Gailurra, esklusiboki, Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatzen da, baina gailurretik 69 metrora, Bizkaiko eta Arabako Euskal Lurralde Historikoen arteko muga dago.

Gorbeia, Bizkaiko sabaia

Gorbeia da bost deiadar-mendietako garaiena, 1.482 metro ditu eta inguratzen duten eta bere mendi-sistema osatzen duten gailurren artean altxatzen da.

1899az geroztik, tontorrean, metalezko gurutzea du (“Gorbeiako Gurutzea”), Arratia inguruko txoko guztietatik ikus daitekeena, 17,23 metroko garaiera baitu. Bere lau hankek lau puntu kardinalak adierazten dituzte eta bere oinetan, Begoñako Andra Mariaren estatua dago, Bizkaiko zaindariarena. Gurutzea mendiaren sinbolo nagusi bihurtu da eta bisitari asko eta asko erakartzen ditu.

Bizkaiko eta Arabako euskal Lurralde Historikoekin muga eginez, Zeanuriko (Bizkaia) eta Zuiako (Araba) udalerrien artean, Gorbeiara isurialde guztietatik iritsi daiteke, paraje natural bikainaz inguratuta dagoen mendia, zeinak, Gorbeiako Parke Naturala osatzen duen.

 Oiz, Bizkaiko Begiratokia

Oiz mendia, jende artean “Bizkaiko Begiratokia” moduan ezagutzen dena, lurraldeko gailurrik enblematikoenetako bat da. Bere tontorretik askok, duen garaieragatik eta kokapenagatik, “infinitu” gisa kalifikatzen duten espazioa ikus daiteke. Oiz eta Zengotitagane tontorrak gailurreria luzangaren atal dira eta kantauriar isurialdeko Ibaizabal, Artibai, Lea, Oka eta Deba ibaietara isurtzen dituzte beren urak.

Oiz

Euskal Herriko historiako lekurik adierazgarrienetarikoa da, bere mazeletan historiaurreko monumentu ugari hartzen baititu. Horretaz gain, kondairaren arabera, Oiz mendian legoke Mari euskal mitologiako jainkosaren eta ama lurraren pertsonifikazioaren hainbat bizilekuetako bat.

 Sollube, itsasotik hurbil

Sollube, “Urdaibaiko Begiratokia” izenez ere ezagutzen dena, da deiadar-mendien artean baxuena, 686 metroko garaierarekin. Itsasertzean kokatua, bere gailurra Arrieta udalerrian kokatzen da, bere mazelak, berriz, Bermeoko herriaren baitan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbarekin muga eginez. Sollube puntu estrategikoa da Bizkaiko Jaurerriaren baitan.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×